Mintxetako igerilekuetatik 30.500 erabiltzaile pasa dira lehen hilabete eta erdian, iaz baino %14 gehiago

Barren.eus 2022ko uzt. 28a, 12:05

Udako denboraldiaren erdia bete dela-eta, Mintxetako igerilekuen erabiltzaile datuak eman ditu Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak.

Ireki zituztenetetik, ekainaren 11tik, uztailaren 26ra 30.432 erabiltzaile sartu direla jakinarazi dute. "Arrakastatsua da datua kontuan hartuta 2021an 26.834 eta 2020an 25.000 erabiltzaile izan zirela denbora tarte berean. Aurten, iazko urtearekin alderatuta, %14 erabiltzaile gehiago ibili da Mintxetan", azaldu dute Udal Kirol Patronatuko arduradunek.

Ekainean 9.767 pertsona sartu ziren Mintxetako igerilekura, bi egunetan bakarrik gainditu da 1.000 pertsonako kopurua: ekainaren 18an 1.310 erabiltzaile eta ekainaren 28an 1080 erabiltzaile.

Uztailean 20.665 pertsona sartu dira igerilekura. Pasa den urtean zortzi egunetan gainditu bazen 1.000 pertsonako kopurua, aurten 14 egunetan gainditu dute kopuru hori. "Nabaritu da aurten pasa den urtean baino egun eguzkitsu gehiago izan direla. Uztailaren 22a izan zen egunik jendetsuena: 1.622 pertsona. Egun horretan bakarrik gainditu da igerilekuak duen aforoaren erdia, kontutan izanik aforoa 3.000 pertsonakoa dela".

Udal Kirol Patronatutik nabarmendu dutenez, eguraldi eguzkitsuak eta beroak asko lagundu dute igerilekuetara jendea hurbiltzeko. "Egun gehiago eta jarraian izan ditugu eta jendeak egun gehiagotan aprobetxatu ahal izan du igerilekua. Erabiltzaileen bataz bestekoa aurreko urteetan izan denaren antzekoa izan da. Aforoaren erdira hurbiltzen da erabiltzaile kopurua baina berdegunean badago tokia jende gehiagorentzat”.

 • Itzalkinak jartzeko tripode gehiago
Patronatutik azaldu dutenez, zenbait erabiltzailek itzalkinak jartzeko tripode gehiago behar direla eskatu dute eta 100 tripode gehiago erosi ditu Udal Kirol Patronatuak. Guztira 330 tripode dituzte orain.
Hala ere, gogora ekarri dute, ur jolasen eta mahaien eta zuhaitzen ondoko berdegunean 8.000 metro karratu daude erabiltzaileen eskura bertan itzalkinak tripoderik gabe jartzeko. Igerileku ondoko berdegunean ureztapen eta drenatze sistemak daudenez tripodeen erabilera derrigorrezkoa da baina goialdeko berdegunean tripodeen erabilera ez da beharrezkoa bertan ureztapenik eta drenatze sistemarik ez dagoelako.

 • Jarrera desegokiak Mintxetako aldageletan
Hainbat erabiltzailek izan duten jarrera ez dela izan egokia adierazi dute berriro ere Patronatuko arduradunek, aldagelak komuneko paperaz zikindu dituztela-eta sarritan, eta paretak grafitiekin margotu dituztelako edota sorosleekin eta harrerako langileekin jarrera desegokia izan dutelako. Zigorrak eta bestelako neurriak jarri izan ditu Udal Kirol Patronatuak.
Udalak errespetua eta ardura eskatu die erabiltzaileei, "zerbitzu eta instalakuntza publikoen babeserako".