Azkueko berdegunea, dantzan

Barren.eus 2022ko mai. 21a, 18:41

Atxutxiamaikak, Udal Ludotekak eta Musika Eskolak antolatuta, erromeria egin zuten atzo Azkueko berdegunean, eta giro ezinhobean pasatu zuten arratsaldea ume zein helduek. 

 Duela bi urte batu zituzten indarrak Atxutxiamaikak, Udal Ludotekak eta Musika Eskolak, tarteka musika herritik atera eta familiei beste ingurune batean musikaz gozatzeko aukera emateko. Lehenengo ekitaldirako dena prest zutenean, pandemia iritsi zen eta bertan behera utzi behar izan zuten ekimena. Iaz berreskuratzekotan egon ziren, pandemiak horretarako aukera eman zuen unean, eta orduan ere dena prest zuten Idotorben egiteko, baina eguraldi txarragatik ezin izan zuten egin.

Aurten, bai. Atzo arratsalderako antolatu zuten erromeria, Azkueko berdegunean, eta oraingoan ez zuen ezerk zazpuztu ekitaldia. 17:00ak aldera batu ziren familiak Maalako parkean eta denak elkarrekin igo ziren Azkueko berdegunera. Musika Eskolako Beti Sua txarangak hasi zuen erromeria, eta berehala jarri zituen dantzan han batu ziren ume zein helduak. Ondoren trikitilarien txanda izan zen, eta euskal dantzako doinuekin girotu zuten berdegunea. Azkenik, dultzaineroek jo zituzten laupabost kanta, eta horrekin amaitu zen erromeria.

Hala ere, festa giroak jarraitu zuen: Ludotekako eta Atxutxiamaikako hezitzaileekin eskulanak egin zituzten umeek eta nahi zuenak aurpegia margotzeko aukera ere izan zuen. 19:30 aldera hartu zuten guztiek etxerako bidea, nekatuta baina gustora. 

 Hona bideoan: