Ainhoa Lendinez: “Beldur sentsaziorik ez dut izan mendia ez delako teknikoa, baina alturak eragin dit”

Barren.eus 2021ko aza. 19a, 12:45

Orain dela bi urte Everest Trail Race lasterketan hartu zuen parte Ainhoa Lendinezek. Munduko mendirik garaienetarikoak dauden gune horretara, Nepalera, itzultzea pentsatu zuen, baina dortsalik gabe, mendiaz beste modu batera gozatzeko. Mera Peak (6.476m.) mendira estreinako espedizioa egin du bost emakumeko talde batean.

Altuerak eraginda gogorra izan da espedizioa, baina era berean gailurrera igotzeak ezezik inguruan ikusitakoarekin eta bizi izandakoarekin gustura itzuli da, berriz noizbait Himalayara bueltatzeko idearekin. Oraingoz Himalayan utzi gabeko azken indarrak Karakateko Igoeran hustuko ditu zapatuan.

 • Aurrez Nepalera mendi lasterketa batera joan ostean, nola hartu zenuen aurten hango mendietara itzultzeko erabakia?
Aurtengoa nahiko urte arraroa izan da niretzat. Abenduan operatu egin ninduten eta ordura arte anemia izan da nire arazo nagusia, baina operazioaren ondoren dezente behar izan dut sendatzeko: itolarria, zorabioak... Udaberrian hobeto sentitzen hasi eta Pirinioetan eta Alpeetan ibili ondoren, Himalayara joatekotan urrian izan behar zela pentsatu nuen. Trekingerako hilabete behar izaten da, baina tontor hau egiteko gutxiagorekin moldatu nintekeenez joatea erabaki nuen. Ez da lasterketako lekuan izan, baina orduan ere abiapuntua Luklan izan zen. Oraingoan beste alderantz hasi genuen bidea.

2021 11 05 mera peak espedizioa nepal himalaia ainhoa lendinez aterpean

 • Bost emakume joan zarete zuen espedizioan. Askori harritzekoa irudituko zitzaion Himalayako espedizio batean bost emakume elkarrekin ikustea, ezta?
Lasterketa hartan ezagutu nuen Palentziako lagun batekin hitz egin nuen Nepalera joateko; gero Berrituako beste lagun batek Kilimanjarora joateko asmoa zuen, baina Nepalera etortzeko gonbitea egin nion, eta Palentziako lagunak beste bi neska gonbidatuta sortu genuen taldea. Bost neska joan gara eta ahizpak izango bagina bezala egon gara, barrez eta berriketan mendian jardun ondoren. Bi lagunekin joan nintzen eta orain beste bi dauzkat mendirako planak egiteko. Zamaketariak eta gidariak denak gizonezkoak ziren eta beraiek pozik zeuden ikuspegi matxistatik erreparatuz gero. Bidean ere jendeak galdetzen zigun ea denak neskak ote ginen, ez baitzeuden ohituta horrelako taldeak ikustera. Bueltan Santanderreko emakume batek gu ikusita poza hartu zuen. Gu ere pozik bai, baina honek ez luke atentzioa eman behar, nahiz eta guk ere ez dugun neskaz bakarrik osatutako talderik ikusi. Ni beti ibili izan naiz mutilekin kirola egiten eta azken urteotan lortu dut neskak ondoan edukitzea eta oso gustura nago, ez nuke ezertxo ere aldatuko. Hango bizimoduak gure errealitatearekin alderatuta ez dauka zerikusirik gizon-emakumeen egoerari erreparatuz gero, beste mundu bat da. Gauza batzuetan gu baino aurreratuago daude, beste batzuetan, ordea, atzeratuago, bizi kalitatea eta mentalitatea ere bestelakoa daukate. Nik espedizioa lasterketarekin alderatuta beste modu batean bizi nahi nuen. Hala ere, polita bezain gogorra izan da.

 • Hemendik ikusten ditugun irudiak politak bezain beldurgarriak dira.
Nik beldur sentsaziorik ez dut izan, mendia bera ez zelako teknikoa, baina altura izan da oztopoa. Gailurrera joan ziren japoniar eta errusiar batzuek argazkiak erakutsi zizkiguten eta ez zen ezer ikusten, hortaz, ezer ikusi ezean istripu bat izateko aukerak handitzen dira. Konturatu naiz dimentsioak eta altuerak ez dutela zerikusirik. Trekingeko lehen hiru egunetan euri mordoa eta sekulako hotza izan genuen. Hango mendi-aterpeak nahiko txukun daude, baina barruan kanpoan baino hotz handiagoa egiten du. Lumazko zaku barruan lumazko berokiarekin sartzen ginen eta hurrengo egunerako arropekin pixka bat lehortzeko. Lehen egunetako trekingetako hotz hori gogorra izan zen. Gainera elur-jauzi bat ikusi genuen parean eta zirrara eragin zidan. Azken herrixkatik gora argitu egin zuen, baina goiz batean esan ziguten zamaketari bat hil zela gure aterpean mendiko gaitzak jota. Altuera eremura (5.300 m.) iritsi ginenean ere bi mendizale desagertuta zeudela esan ziguten eta erreskateak ere egon ziren.

 • Zuri alturak eragin al dizu gaitzik?
Egun gutxi izan ditugu aklimatatzeko eta eguraldi txarra zegoenez gailurrerako iragarrita geneuzkan bi egunak aurreratu behar izan genituen. 2014an Mont Blancen sekulako goimina izan nuen, bost pauso eman orduko pioletaren laguntza ezinbestekoa nuen. Gero Kilimanjaron txikiagoa, eta aurten berriz, Mont Blancen ezer ere ez. Nepalera lasaiago joan naiz gehiago ibilita nengoelako, baina min oso gogorra sentitu nuen. 5.700 metroan bost nesketatik bi botaka hasi ziren eta ez zutela jarraituko esan zuten. Beste hirurok saiatzea erabaki genuen. Hilekoa, urdaila itxita eta hotzaren ordez beroa sentitu nuen, eta bete-betean ez nengoenez buelta hartzea pentsatu nuen. Baina gidariak pultsazioak neurtu zizkidan eta ondo nengoela esan zidan. Altura kontua zen dena. Lepora iritsi eta azken ertza ikusita han gelditzea erabaki nuen, baina lagunak esan zidan: zure aitari sekulako ilusioa egingo dio. Bi malko bota eta azken 20 minutu horiek izan ziren gehien gozatu nituenak. Espedizioan gustura ibili arren, egun hori kalbario bat izan zen. Ezin dut imajinatu 8.000 metroko bat zer den.

2021 11 19 ainhoa lendinez mera peak gailurra everest atzean himalaya

 • Zure helburua, baina, gailurrera igotzea zen?
Bai, niri mendi tontorretaraino igotzea umetatik gustatu izan zait eta txikitan zerrenda bat neukan Piriniotan igo nahi nituen tontorrekin. Orain ere eguraldi txarra edo beste oztoporen bat egon arren, beste batzuei baino gehiago kostatzen zait buelta ematea. Mera Peaken ere nire ilusioa gailurrera iristea zen, baina hain gaizki egonda zalantzak sortu zitzaizkidan, nahiz eta arriskutsua ez izan. Hamabost egun mendian pasatzea zen nire asmoa, mendiak asko betetzen bainau. Mendian funtzionatzen du ondoen nire gorputzak, buruak, elikadurak, loak, denak. Jaisterakoan, hala ere, beherakoa izan nuen eta ahuldadeak gogortu egin du espedizioa. Nepalen pentsatzen nuen ea haraino joan behar al nuen familiakoekin gogoratzeko eta hona etorrita harekin akordatzen nintzen.