Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, herriaren erdigunean gazteen presentzia areagotzea, eta bidenabar, gazte lokaletan egoten diren neska-mutilen arteko harremanak "estutzea" du helburu maiatzaren 19rako antolatu duten Kuadrilla Egunak. Egitaraua lau gazte lokaletako bederatzi ordezkarirekin elkarlanean diseinatu dute. Besteak beste, Mauxitxa txarangaren kalejiraz girotutako koadrilen arteko jolasez, musika ekitaldiz eta Maalako parkean egingo duten bazkaria.
"Oso jarrera proaktiboa erakutsi dute gazteek, uneoro", esan dute Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako saileko arduradunek. Udalarekin elkarlanean aritu diren herriko gazteek, gainontzeko gazteei zer egitea gustatuko litzaiekeen jakiteko, besteak beste, galdetegi bat prestatu eta Interneten zabaldu dute. Guztira 97 erantzun jaso dituzte. Aurrekontuak ere eskatu dizkiete catering enpresei eta mota guztietako musika taldeei, eta "komunikazio kanalen azterketa sakona egin dute jaia herriko gazteei aurkezteko".
•Egitaraua eta bazkarirako txartelak
Egunari dagokionez, eguerdian koadrilen arteko jolasak egingo dituzte, Mauxitxa txarangaren kalejiraz girotuta. Ondoren, Maalako parkean bazkalduko dute gazteek. Arratsaldean, Eonian elektro-txarangak girotuko ditu herriko kaleak, eta gau partean, Maalako parkean kontzertuak eskainiko dituzte zenbait taldek: Punk Rock estiloko Salda Dago izeneko talde arrasatearrak, Eibarko eta Elgoibarko gazteez osatutako Mugi Panderoa erromeria taldeak eta Elgoibarko DJ Artetxek. Kontzertuak amaitutakoan, txokolate jana egingo dute Maalan. Antolatzaileek 16 urtetik gorako herriko gazteak animatu nahi dituzte jaian parte hartzera, eta horregatik, prezio berezia izango du bazkariak. Bazkariko txartelak bost euroan salduko dituzte Tantaka eta Malape tabernetan, maiatzaren 11ra bitartean.