Bizikleta zaleen tropel handia batu zuen Elgoibar 2 Erroberatan ekimenak

Barren.eus 2017ko ira. 18a, 11:56

Eguraldia lagun, 300 lagun inguruko tropela batu zuen atzo Elgoibar 2 Erroberatan bizikleta irteeraren 13. ekinaldiak.

 Sallobente-Ermuaraneraino joan-etorria bizikletaz egin zuten atzo 300 bat umek eta nagusik. Elgoibar Bi Erroberetan ekimenaren 13. edizioa antolatu du aurten Herri Eskolako Kalamua Guraso Elkarteak.
Distantzia laburretan bizikleta gehiago erabiltzera animatzeko helburuarekin antolatzen dute eta baita bide gorri sarea zabaldu eta bizikletan ibiltzeko erraztasunak jartzeko eskatzeko ere. Familian eta lagun artean ondo pasatzea eta kirola egitea dela ekimenaren helburua azaldu dute antolatzaileek, lehia albo batera lagata. Era berean, pozik agertu dira ekimenak aurten izan duen parte hartzearekin. Nabarmendu dute "proposamen irekiak erantzun zabala eta anitza" eduki duela. "Jende eta familia asko etorri  ziren, neska zein mutilak, Herri Eskolakoak zein Ikastolakoak", azaldu dute.
Parte hartzaileen artean opariak ere banatu zituzten, bizikleta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko erabiltzen diren islatzaile bat, hain zuzen ere. Guztira, 270 inguru oparitu zituzten. Sallobentetik plazara bueltatu zirenean, jan-edana banatu zuten antolatzaileek, 240 txorizo bokadillo eta beste 40 txokolatezkoak.

Indarrak berreskuratu ostean, Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolakoen laguntzaz antolatutako ginkanan parte hartu zuten plazan gaztetxoenek.

elgoibar 2 erroberatan ibartxiki