Aurreko urteetan baino jende gutxiago ibili da Mintxetako igerilekuetan

Barren.eus 2017ko ira. 4a, 11:46

Irailaren 10ean amaituko da bainu denboraldia Mintxetako igerilekuetan. Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak jakinarazi duenez, 33.000 erabiltzaile zenbatu dituzte orain arte, aurreko urtean baino 7.000 gutxiago, alegia. Denboraldia agurtzeko, doako Zumba ikastaroa eskainiko dute barixakuan.

Elena Silvak gidatuko duen doako Zumba saio batekin agurtuko du bainu denboraldia Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak. Barixaku honetan, hilaren 8an, izango da Zumba saioa, 18:00etatik 19:30etara, igerilekuko belar-gunean.

Igerilekuek domekan, irailaren 10ean, itxiko dituzte ateak. Joan den ekainaren 10ean hasi zen bainu denboraldia eta orain arte 33.000 erabiltzaile zenbatu dituzte. Alegia, aurreko urteetan baino dezente gutxiago. Iaz, esaterako, 40.000 erabiltzaile baino gehiago izan zituzten Mintxetako igerilekuek. Jaitsiera hau udan egin duen eguraldi "eskasaren" adierazgarria dela azaldu dute Udal Kirol Patronatutik. "Abuztuan ere, ekainan eta uztailan bezala, eguraldi txarra nagusitu da eta erabiltzaile kopurua txikia izan da. Hilabete osoan 11 egunetan 500 erabiltzaile baino gehiago hurbildu dira igerilekura", azaldu dute.

 zumba mintxetan elgoibar silva• Mintxetako igerilekuetako erabiltzaile kopuruen bilakaera, urtez urte:

  • 2016: 40.411 erabiltzaile
  • 2015: 45.123
  • 2014: 34.522
  • 2013: 53.527
  • 2012: 52.000
  • 2011: 42.065
  • 2010: 48.000
  • 2009: 55.056
  • 2008: 34.342
  • 2007: 15.000
  • 2006: 29.000
  • 2005: 32.000
Lotura duten albisteak: