Ander Mujikak eta Paula Herasek irabazi dute Ludotekaren eta Gaztelekuaren logotipoak berritzeko lehiaketa

Barren.eus 2017ko eka. 23a, 18:38

Elgoibarko Ludotekaren eta Gaztelekuaren logotipo berriak aurkeztu ditu Elgoibarko Udalak. Lehiaketa bidez aukeratu dituzte.

Elgoibarko Ludotekak eta Gaztelekuak hamargarren urteurrena beteko dutela-eta, udal zerbitzu horietako logotipo berriak aukeratzeko lehiaketa jarri zuen abian Elgoibarko Udalak. Irabazleak jakinarazi dituzte orain.
Ander Mujika Zubiaurrek aurkeztutako logotipoa izango da Ludotekako irudi berria. Gaztelekurako, berriz, Paula Heras Marcosek aurkeztutako logotipoa aukeratu dute. Irabazleek Elgoibarko dendetan erosketak egiteko 500 euroko baleak jaso dituzte saritzat.
Ludotekako logotipoa aukeratzeko epaimahaia Udaleko haur, nerabe eta gazteen sustapen arloko teknikaria eta zinegotziak, Ludotekako hezitzaile ordezkari batek, Ludotekako bazkide den haur batek eta arte grafikoetan aditua den pertsona batek osatu dute. Gaztelekuko logotipoa,era berean, Udaleko haur, nerabe eta gazteen sustapen arloko teknikaria eta zinegotzia, Gaztelekuko hezitzaile ordezkari bat, Gaztelekuko erabiltzaile den nerabe bat eta arte grafikoetan aditua den pertsona batek aukeratu dute.

logotipo lehiaketa ludoteka gazteleku elgoibar