Morkaikoren Mendi Emanaldien Zikloak Bilboko Mendi Film Festibaleko film interesgarrienak eskainiko ditu aurten

Barren.eus 2016ko urr. 16a, 14:33

Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloaren egitaraua ezagutzera eman du Morkaiko mendi taldeak. Aurten ere programa “zabal, interesgarri eta erakargarria” osatzen saiatu direla azaldu dute eta nobedade baten berri ere eman dute. Bilboko Mendi Film Festibal entzutetsuak eskaintzen duen Mendi Tour ekitaldia ekarriko dute estreinakoz Elgoibarrera, era horretan iaz Bilbon eskaini zituzten film interesgarrienak ikusteko aukera eskainiz.

Morkaikoren mendi emanaldien zikloa areto eta gune desberdinetara zabaltzea izan zen iazko berrikuntza. Aurtengoa mendiari buruzko nazioarteko film eta dokumental onenak ikusteko aukera eskaintzea izango da, baina horrekin batera, herriko mendizaleak izango dira aurtengo zikloko protagonista nagusiak. Sei saio edo emanaldik osatzen dute 2016ko Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloa. Urriaren 27an izango da aurrenekoa eta abenduaren 1ean azkena. Hona hemen bakoitzaren inguruko xehetasun magusiak, Morkaikoren eskutik.

  • URRIAK 27, Osteguna, YOU’LL NEVER WALK ALONE Jon Garate eta Joseba Elustondo (21:30 Lanbroa tabernan): Emanaldi honetan bi sokalagunek hutsetik sortutako talde baten abentura, desbentura eta anekdotak ekarriko dituzte Lanbroa tabernara. Negu eta udaberrian zehar bizitako esperientzia desberdinen ondorioz sendotutako bikoak, Alpeetan ekintza interesgarriak osatzera eramango ditu uda hasieran.
  • AZAROAK 2, Asteazkena, MENDI TOUR ELGOIBAR. Bilboko Mendi Film Festivalaren eskutik. (21:00 Herriko Antzokian) Bilboko Mendi Film Festivaleko azken edizioetako pelikula on eta arrakastutsenen emanaldia izango da, egun bateko formatuan eta ikusleentzako programa interesgarri bat eskainiz. Aurkezle batek gidatuko du saioa. Hiru filma eskainiko dituzte: Big Men (2015, Espainia, 20 minutu), Eclipse (2015, Kanada, 31´); A line Across the Sky (2015, AEB, 40'). Sarrerak 5 euro balioko ditu, eta aurreko astetik salgai egongo dira Lanbroa eta Iriondo tabernetan, zein Pitxintxu opari-dendan. Egunean bertan, Herriko Antzokian orduerdi lehenagotik.
  • AZAROAK 10, Osteguna IBAN 2-DEAN Iban Fernandez, 2-dean B-rotuz eta Julen Ansola (19:30 Herriko Antzokian): Ez zen erronka makala izan Iban Fernandez elgoibartarrak bere buruari jarri ziona, Elgoibarko itzulia lau aldiz jarraian osatzea, 27 orduko denbora-muga ezarrita gainera. Erronka pertsonalaz gain, errefuxiatuei laguntzeko elkartasun-proiektua osatu zuen 2dean B-rotuz taldearekin, eta orain, Julen Ansolak gidatu eta ekoiztutako pelikulak begizta jarri nahi dio Ibanen adore eta herri osoaren elkartasunari.
  • AZAROAK 17, Osteguna KARAKATEKO “SEKRETUAK” Karakateko Igoeraren harira mahai-ingurua (19:30 Musika Eskolako Auditorioan): Azken urteotan Euskal Herrian zein mugetatik haratago punta-puntan dabiltzan Iñigo Lariz, Maite Maiora, Iban Murua eta Ainhoa Lendinez mendi-lasterkariak elkartuko ditu Morkaikok mahai baten bueltan, Karakateko Igoerarekin duten lotura eta bitxikeriez solasteko, aurtengo Karakateko igoera jokatu baino bi egun lehenago.
  • AZAROAK 24, Osteguna PIRINIOETAKO HARRIBITXOEN BILA Haritz Arrieta, Ander Izagirre eta Aitor Montes (19:30 Musika Eskolako Auditorioan): Mendiak aisialdirako makina bat aukera eskaintzen ditu eta hirukote apart honek beraien modura gozatzen dute gainera, animalien behaketa eta dokumentatzearekin hain zuzen. Joan den udan Pirinioetako bazterrak miatu eta espezie nabarmen batzuk grabatzea lortu zuten, mendikate ezagun honek altxor biologiko miresgarriak ezkutatzen dituela erakutsiz. Gurera, bidaiaren irudiekin osatutako saio atsegina partekatzeko asmoz datoz.
  • ABENDUAK 1, Osteguna INCOGNITA PATAGONIA Eñaut Izagirre (21:30 Herriko Antzokian): Patagoniaren handitasunak, aski entzutetsua den eguraldi aldakor eta haizetsuak, zein paisaia mitikoek jende asko erakartzen dute Hego Amerikako hego muturrera. Eñaut Izagirrek ordea, glaziar ezkutu eta mendikate urrunetara esplorazio eta espedizioak egiteko aukera baliatu eta ezezagunagoa den Patagonia gerturatuko die Herriko Antzokira gerturatzen dire lagunei.  Gainera, Incognita Patagonia: Hego Amerikako azken izotz-eremu ezezaguna esploratzen izeneko argazki-erakusketa egongo da ikusgai Iriondo tabernan, azaroaren 21etik abenduaren 2ra arte. Azkenn egunean, gainera, Eñautek “bidaia-gidatua” egingo du bertaratzen direnentzat.

Morkaiko UMEZ2016 kartela

morkaiko mendi zikloa elgoibar MendiTourElgoibar2016 kartela

 morkaiko mendi zikloa egutegia elgoibar