Euripean iritsi dira Ekialdeko Errege Magoak Elgoibarrera

Barren.eus 2024ko urt. 5a, 20:11

Euria zegoen iragarrita, eta gogotik egin du gainera, baina hala ere, Errege Magoak puntu puntuan iritsi dira Elgoibarrera, eta ohiko ibilbidea egin dute. Berrikuntzak ere izan dira, eta dagoeneko prest daude Elgoibarko etxeetan opariak banatzeko. 

 Berrikuntzak iragarri zituzten antolatzaileek, eta izan ditu berrikuntzak gaurko Errege Magoen Desfileak. Erregeen segizioa 18:00etan puntuan iritsi da Kalegoen Plazara Santa Klaratik, iaz bezala, moto argitsuen atzetik, eta Errege Magoak udaletxeko balkoira irten dira plazan zain zeuden herritarrak agurtzera.

Ondoren, San Bartolome parrokiko estalpean zegoen Jesus haurtxoa gurtzera joan dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Zaldirik ez dute ekarri aurtengoan, eta traktorean egin dute ibilbidea. Santa Ana kalera abiatu dira lehenengo, eta eguraldiak eutsiko zuela zirudien arren, euria hasi du. Hala ere, ohiko ibilbideari eutsi diote antolatzaileek, eta herri osoa zeharkatu dute.

Maalara iristean San Lazaro egoitzan egin dute geldialdia, hango egoiliarrei opariak banatzeko. Kalegoen plazara abiatu dira ondoren, eta udaletxe azpian jaso dituzte Elgoibarko umeen gutunak. Aurten, ume bakoitzari baloi bana oparitu diete. Gaur gauean arituko dira Elgoibarko etxeetan opariak banatzen.

 

2024 01 05 erregeak2