Morkaiko Mendizale Elkarteak Herri Eskolako eta Elgoibar Ikastolako gurasoekin elkarlanean antolatzen ditu irteerok. Lehenengoa urriaren 22rako antolatu dute, Aloñara. Azken hiru urteetan egutegian eduki duten mendia da Aloña (1.238 metro), baina eguraldi kaskarra dela eta, ezin izan dute irteera burutu.
Domekan 9:30ean irtengo dira Mintxetako aparkalekutik, Arantzazuko aparkalekuraino joateko. Handik abiatuko dira oinez, Durura bidean. Durun Aloñarako pista hartuko dute, tontorreraino ailegatzeko. Igoerako bide beretik itzuliko dira eta eguerdirako Arantzazun egotea aurreikusten dute. Prestatu duten irteera sortatik "luzeena eta menditsuena" dela lehenengoa zehaztu dute Morkaikotik (9 kilometro eta 600 metroko desnibel positiboa), eta edozein haur edo helduk egiteko modukoa den arren, mendian "pixka bat" ibiltzera ohituta daudenentzat egokiagoa dela esan dute. Ikus hemen ibilbidea: wikiloc.com
Irteera hauetan ohikoa den moduan, umeak ezingo dira bakarrik joan, gurasoren edo arduradun batek lagunduta baizik. Eguraldiaren arabera irteerak aldetak izan ditzazke, eta, eguraldiagatik abisu edo alertarik balego, irteera bertan behera geldituko da.
Hona 2023-2024 ikasturterako prestatu dituzten mendi irteeren egutegia:
∞Lotura duten albisteak: