Askorako eman du Felix Etxeberriaren bizitzak. Kooperatibismoaren mugimenduaren aitzindari eta Danobat enpresaren sortzaile izan zen, baina haren benetako pasioa makina-erreminta baino gehiago euskara izan da betidanik.
Felix Etxeberria Sallobente-Ermuaran auzoko Parapan baserrian jaio zen 1926an. Aita zuen bertakoa eta ama, berriz, Azkoitiko Madariaga auzoko "Luarixe" (Luberiaga) baserrikoa. Zortzi anai-arreba ziren, bera laugarrena. Zortzi urterekin hasi zen eskolan, baina hamaikarekin utzi egin behar izan zuen etxeko lanak egiteko. Hamalau urterekin peoi lanari ekin zion Eibarren; gero Orbea bizikleta lantegian eta Elgoibarko Sigman ere jardun zuen. Elgoibarko Jarbe lantegian doitzaile lanbidea ikasi zuen. Bertan bederatzi urtez jardun ondoren, lantegiko beste hamasei langilerekin Danobat makina-erreminta lantegi berria sortu zuten, geroago kooperatiba bihurtuko zena. Euskarazko klaseak hartu eta eman ere egin zituen, harik eta beste lagun batzuekin Elgoibarko Ikastola sortu zuten arte. Urtebete geroago, Elgoibarko Izarra euskara elkartea sortu zuten. Lolita Canales elgoibartarrarekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten.
Bere bizitzako pasarte esanguratsuenak izan direnak kontatzen ditu Etxeberriak berak ahotsak.eus-en, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jaso eta zabaltzen diharduen egitasmoaren webgunean. Guztira 32 pasarte dituzte jasota bideoetan, besteak beste, irakurtzen etxean eta euskaraz nola ikasi zuen azaltzen duena; elizarekin izandako tirabirak, Eibarren eraikuntzako peoi lanean nola hasi zen, Danobat lantegiaren sorrera, Elgoibarko Ikastolaren sorrera, ikastola klandestinoak, Elgoibarko Izarra euskara elkartea, euskal jaialdiak Francoren garaian, eta beste hainbat konturen testigantzak ematen ditu Etxeberriak.
- Irakurri hemen Felix Etxeberriak BARREN aldizkariari eskainitako elkarrizketa (910. zenbakia, 2014-06-06 - PDF)
- Felix Etxeberriaren ibilbide profesionala eta militantzia-lanaren laburpena BARREN aldizkariaren 1053. zenbakian -PDF-
- Sarrera gehiago, ahotsak.com barren.eus atarian