Ekitaldia 19:30ean hasiko da, baina sariak banatzen hasi aurretik mahai-ingurua egingo dute kirola eta inklusioa gaitzat hartuta. Zehazki, La Liga Genuine futbol ligaren inguruan arituko dira Realeko, Athleticeko eta S.D. Eibar taldeetako jokalariak eta ordezkariak. Espainiako Ligak sortu zuen Genuine liga, ekimen aitzindaria mundu osoan. Adimen urritasuna duten gazteek jokatzen dute 2017-2018ko denboraldian abiatu zuten lehiaketan.
Mahai-inguruko hizlariak
Eibarko futbol taldeko ordezkariak Markel Barrocal eta Ander Arce jokalariak izango dira; azken hori elgoibartarra. Eurekin batera, futbol egokituaren arloko arduraduna den Ander Romaratek ere hartuko du parte solasaldian. Romaratek 2012ko Londreseko Paralinpiar Jokoetan hartu zuen parte igeriketa probetan, eta Parisekoetan ere izan zen 2024an, Espainiako delegazioarekin teknikari lanetan. Orain, futbol egokituaren arloko gidaria da SD Eibar Fundazioan.
Real Sociedad Fundazio ordezkariak, berriz, Ainara Muga (proiektu arduraduna) eta Leire Esnal (Realeko jokalaria La Liga Genuin txapelketan) izango dira.
Azkenik, Athleticen Fundazioko ordezkariak Igor Arenaza koordinatzailea eta Eneko Apoita jokalaria izango dira.
