Egutegiaren 500 ale zituzten gordeta Elgoibarren banatzeko eta ordubetez jardun zuten horiek debalde banatzen Kalebarren plazan. Gero, Mendaroko Herriko Enparantzara joan ziren egutegiak banatzen jarraitzera.
Hamahiru argazkik osatzen dute guztira egutegia –azalean bat, eta hilabete bakoitzean bana–. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Argazki Elkarteak antolatu dute aurtengo lehiaketa fotografikoa, Ekin. Zaindu. Bizi lelopean, eta markak hautsi ditu: 1.073 argazki jaso dituzte eta orain arte egin diren bederatzi edizioetatik parte-hartze handienekoa izan da.
Joserra Txintxurreta oñatiarraren lana eramango du egutegiak azalean: artaldearen aurrean artzain bat eta bere txakurra irudikatzen ditu, “ingurumenaren zaintzaren kulturari, ondo egindako lanari eta komunitate-bizitzari egindako omenaldi gisa”. 1.000 euroko saria jaso du, eta gainerako hamabi irabazleek, berriz, 250 eurokoa bakoitzak.