Miribillako (Bilbo) Bilbo Arenan egingo dute Pizkundea ekitaldia, abenduaren 27an, 17:00etan. Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu du kultur kutsua izango duen ekitaldia, euskararen "larrialdi linguistikoari" aurre egiteko eta "euskarari pizkunde berri bat emateko". Egitasmoa aurkezteko emandako prentsaurrekoan parte hartzera deitu zituzten euskaltzaileak: "Batu gaitezen bertan euskaltzaleok, hizkuntza berdintasunean, askatasunean eta justizia sozialean sinesten dugun herritarrok. Eta, jakina, euskarari etorkizun bizi eta oparo bat eman nahi diogun guztiok". Larritzeko osagai guztiak izan arren, "itxaropen mezu bat” zabaldu nahi du Kontseiluak abenduaren 27aren bueltan: “Euskaltzaleon garaia da!”, nabarmendu dute. Informazio osoagoa pizkundea.eus webgunean.
Autobusa Debabarrenetik
Euskalgintzaren Kontseiluko kidea den Elgoibarko Izarrak, Elgoibarko AEK euskaltegiak eta Elgoibar Ikastolak ekiraldira joateko autobusa antolatu dute. Autobusak Mutriku, Deba, Mendaro, Elgoibar, Eibar eta Soraluzen egingo ditu geldialdiak, herri bakoitzeko euskaltzaleak batzeko. Izena emateko epea abenduaren 18an amaituko da. Izen-ematea itxi ostean jakinaraziko dute autobusa osatu den eta ze ordutan egingo dituen geldialdiak.
