Euskara, kultura eta euskal nortasuna presente izan dituzte Danobatgroup industria taldean hasiera-hasieratik. Sorreratik makina-erremintan nazioarteko lider bihurtu arte, euskararen normalizazioarekin eta sustapenarekin konpromiso sendoa izan du, erakunde barruan zein kanpoan. 2000. urtean, baina, ibilbide horretan mugarri bat ezarri zuten, lehen Euskara Planak ezarri zituztelako EMUN aholkularitzaren eskutik. Hala ere, ordurako bidea hasia zuen Danobatek. Izan ere, 75. hamarkadan, makina-erremintari buruzko lehen hiztegia sortu zuten Danobat kooperatibakoek.
Eta hain justu ere, egindako guzti horri balioa emateko ekitaldia egin zuten atzo, Euskararen Nazioarteko Egunean, IMH Campusean eta Makina Erremintaren Museoan. Barneko ekitaldia izan zen, lehenengo Euskara Plan haietatik 25 urte bete direla ospatzeko.
Euskararen aldeko lanean, eredugarri
2000. urteaz geroztik, pauso handiak eman ditu Danobatgroupek, eta egun, taldeko kooperatiba guztiek dute Bikain ziurtagiria. Ziurtagiri horren bidez, Eusko Jaurlaritzak euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa normalizatzen duten enpresa ereduak aitortzen ditu. Baina, esan bezala, Danobatgroupen konpromisoa ez da barne esparrura mugatzen. Izan ere, Danobatgroup aitzindaria izan da, esaterako, makina-erremintaren sektoreko hiztegi terminologikoa bezalako hizkuntza-baliabideeak sortzen, eta aktiboki parte hartu izan du eta du euskara sustatzeko inguruko ekimenetan, izan Kilometroak, Korrika edo Euskaraldia moduko ekimenetan, adibidez.
Atzoko ekitaldia Ainhoa Etxebarriak eta Nerea Gartziak aurkeztu zuten, eta Jon Maia eta Nerea Ibartzabal bertsolariek parte hartu zuten. Danobatgroupek euskarari egindako ekarpenari aritu zitzaizkion kantuan bi bertsolariak, eta bukaera kooperatibako langileek osatutako musika banda batek eman zion, bertsotan.
