Luma Otaño tolosarrak 24 urte ditu, eta urte eta erdi inguru darama TikToken euskarazko edukiak sortzen. Gaur egun, 15 mila jarraitzailetik gora ditu sare sozial horretan. Alex Etxegibel elgoibartarrak, berriz, 18 urte ditu, eta, umorezko edukiak igotzen ditu, euskaraz. 30.000 jarraitzailerekin baino gehiagorekin, arrebarekin egindako bideoek arrakasta handia dute euskal herriko gazteen artean.
Otañok dioenez, garrantzitsua da sare sozialetan euskaraz aritzea, euskararen biziraupenerako espazio guztietara hedatzea ezinbestekoa dela uste baitu, eta haren iritziz jende gaztearengana eta haurrengana iristeko bide egokia dira sare sozialak. "Ez du inork egingo guk euskaraz egiten ez badugu" dio Etxegibelek sare sozialetan euskaraz egiteko egina duen hautuaz, orain.eus-en zabaldu duten bideoan. "Etorkizunean euskaraz sortzen jarraitzea gustatuko litzaidate, eta erakustea munduari zer den euskara, nongoak garen gu, eta zer den Euskal Herria".
Euskal eduki sortzaile onenen artean
Bilbao International Digital Festival edo Seriesland jaialdiaren 11. edizioa egin zuten Bilbon, azaroaren 6tik 8ra bitartean, eta Euskal Edukiaren Sortzaile Onenaren Saria banatu zuten estreinakoz jaialdi horren baitan banatzen dituzten sariekin batera. Hala, aurten, haur eta gazteentzako telesail, dokumental, telebistako saio, antzezle, eduki eta euskal sortzaile digitalik onenak saritu zituzten. Hamar ziren Euskal Herriko influencer onena izateko hautagaiak. Alex R. Etxegibelekin batera Beñat Olea, Ane Lindane, BocaBeats Comedia, Eleder Iglesias, Naty Penadas, Kai Nakai, Iban Garcia, Telmo Trenado eta @72 Kilos Oscar Alonso zeuden izendatuta. Saria BocaBeats Comediak irabazi zuen.
