Elgoibar Ikastolaren ibilbideari buruzko dokumentala estreinatuko dute abenduaren 10ean

Barren 2025eko abenduaren 3a

Elgoibar Ikastolaren ibilbideari buruzko dokumentala prestatu zuten Kilometroak egitasmoaren bueltan, eta abenduaren 10ean estreinatuko dute jendaurrean. 

Herriko Antzokian proiektutatuko dute, 19:00etatik aurrera. Dokumentala Elgoibar Ikastolak sustatu du, Badihardugu, Elgoibarko Izarra, Ikastolen Elkartea eta Elgoibarko Udalarekin elkarlanean. 

Elgoibar Ikastolaren historia, izaera eta bihotza jasotzen dituen dokumentala sortu dute: "Ikastola herritik sortutako proiektua den heinean, bere historia eta etorkizuneko begirada komunitatearekin partekatzeko saiakera da, herrira begira eta herriarekin batera egina", adierazi dute Ikastolako arduradunek. Gaineratu dute ez dela atzera begirako ariketa soil bat izan, baizik eta "nor garen ulertzeko eta nor izan nahi dugun irudikatzeko aukera". 

Ikastolaren ibilbidea egin duten pertsonek —ikasleek, familiek, irakasleek, langileek, herriak— hartu dute parte dokumentalean. Dokumental hau ikastolaren memoria kolektiboaren eta etorkizunaren arteko zubi bat dela adierazi dute.