Nortasun agiria eta pasaportea tramitatzeko unitate mugikorra urtarrilaren 15ean itzuliko da Elgoibarrera

Barren 2025eko abenduaren 1a

Pasaportea eta nortasun agiria Kalegoen plazan berritzeko aukera eduki zuten, azaroaren 27an, hitzordua hartuta zuten hogei lagunek.

Eskaini zituzten hitzordu guztiak bete zirela ikusita, beste txanda bat antolatu dute. Hala, urtarrilaren 15ean itzuliko da Poliziaren unitate mugikorra Elgoibarrera; 09:00etatik 14:00etara egongo da Kalegoen plazan.

Hitzordua eskatu beharko dute Donostia, Eibar edo Irunera joan beharrik gabe unitate mugikor horretan pasaportea eta nortasun agiria berritzeko interesa dutenek, horretarako, Elgoibarko Udalarekin harremanetan jarrita. Udaletik ohartarazi dutenez, txandak osatzeko, izen-emate ordena hartuko dutela kontuan.

  • Izen-ematea: Elgoibarko Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan (Santa Ana kalea, 2) edo 943 741 050 telefono zenbakian egin beharko da.
  • Ordainketa (diru fisikoan): NAN: 12 euro / Pasaportea: 30 euro / Familia ugariak: doan
  • Argazkia: Eraman argazki berri bat (koloretan eta fondo zuriarekin). 

DOKII bulego mugikorraren abantailak ere zerrendatu dituzte, honako hauek:

  • Irisgarritasuna: NANa eta pasaportea berritzeko beharrezko tresna guztiak ditu (inprimagailua, plastifikatzailea, mugikortasun murriztua duten pertsonentzako arrapalak, datu biometrikoak hartzeko gailuak).
  • Arintasuna: Prozesuak gehienez 10 minutu iraungo du, herritarren denbora aurreztuz.
  • Zerbitzu digitalak:  Pasaportea eta nortasun agiria berritzeko txanda hartzea ezinbestekoa den arren, ziurtagiri elektronikoak eskuratzeko gailu bat ere badauka zerbitzu ibiltaria ematen diharduen Poliziaren furgonetak, eta hori erabiltzeko ez dago hitzordurik eskatu beharrik.