Elgoibar-Mendaro bidegorriaren proiektua gauzatzeko ardura "eragile politiko guztiena" dela nabarmendu du EAJk

Barren 2025eko abenduaren 1a

Andrea Arriola zinegotzia , Ane Beitia alkate ohia, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatea eta Nerea Isasi Mendaroko EAJko zinegotzia.

Elgoibar-Mendaro arteko bidegorria eraikitzeko konpromisoa jeltzaleek "hasiera-hasieratik" izan dutela nabarmendu du Debabarreneko EAJk, baina proiektua gauzatuko bada, "eragile politiko guztien" bultzada beharko duela zehaztu du, "baita inplikatutako udalerrietan erabakitzeko ahalmena dutenena ere".

 

 

"Debabarreneko EAJk tinko eusten dio Elgoibar-Mendaro bidegorriaren aldeko apustuari", esanez hasi duten bidegorriaren harira zabaldu duten prentsa-oharra. Horren harira zehaztu dute EAJk esplizituki jaso zuela bere hauteskunde-programan eta konpromiso horren erakusgarri dela foru-aurrekontuen proiektuan jasota egotea, "etorkizuneko garapenerako beharrezkoak diren lan teknikoen hasiera bermatuz". Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2026ko aurrekontuetan jasota dago Galarreta (Hernani) eta Errekalde (Donostia) lotuko dituen bidegorriaren lanak gauzatuko dituztela datorren urtean, eta hiru milioi euro baino gehiago inbertituko dituztela mantentze-lan eta hobekuntzetan, bereziki  Bergara-Aretxabaleta eta Azkoitia-Urretxu arteko tarteetan. Era berean, zehaztuta dute proiektu berriak idatziko dituztela, tartean Altzola-Mendaro arteko bidegorriarena. 

Era berean, dio aurrekontu-proiektuetan jasota dagoela oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea eraikitzea Elgoibar osoa konektatzeko. Zentzu horretan dio bidegorria sortzeko eman diren aurrerapenak "lan serio, iraunkor eta konprometitu" baten emaitza direla, eta azpimarratu dute "dagokion tokian" defendatzen ari dela EAJ proiektua. Nolanahi ere, zehaztu dute aurrekontuak onartu arte ezer ez dagoela bermatuta, eta hori lortzea "eragile politiko guztien erantzukizuna dela. Kargu-hartzetik ere badu oharrak, inplikatutako udalerrietan erabakitzeko ahalmena dutenei erreferentzia egiten dielako ondorengoak: "Izan ere, batzuen jarrera ezkorretatik haratago, jokoan dagoena ez da titular soil bat; mugikortasuna, segurtasuna eta herrien kohesioa dago jokoan".