EDUKI BABESTUA

“Amamaren bake-irrintzi bat da liburua, eta gerrek beti patroi bera dutela erakusten du”

Barren 2025eko abenduaren 1a

'Kateriñe' komikia argitaratu berri du Maitena Illarramendik (Donostia, 1976), Kateriñe Letamendi tolosarraren omenez. 

36ko gerran girotua dago liburua, eta Letamendik idatzita laga zituen memorietan oinarrituta ondu dute Maitena Illarramendi bilobak eta Iñigo Sarasola ilustratzaileak. 24 urte zituela, tropa frankisten bonbetatik eta mehatxuetatik ihes egin behar izan zuen Letamendik eta haren ibilerak jaso dituzte liburuan. Eta abenduaren 2an, Elgoibarren izango dugu idazlea, Maitena Illarramendi, beren lana aurkezten. Durangoko Azokak antolatutako Zu Non Han DA! dinamikaren barruan aurkeztuko du, Pitxintxun, 18:30ean.

Kateriñe Letamendiren gerrako ibilerak jaso dituzue komikian. Nor izan zen Kateriñe?
24 urterekin Tolosa utzi eta erbesterako bidea hartu behar izan zuen emakume ausart bat. Etxea utzi eta Donostiara alde egin zuen gurasoekin, eta ibilbide luze eta makurra hasi zuten han, beti bonbetatik ihesi, traste guztiak aldean hartuta. Hori da liburuko Kateriñe. Niretzat, berriz, amama izan zen Kateriñe, amama maitea, gerrako kontuak eta beste istorio asko kontatu izan zizkigun emakume berezia; 97 urterekin hil zen amama gaztea. Duela bi-hiru aste irakurri nituen gaur arte irakurri gabe nituen haren idatzi batzuk, haurtzaroari buruzkoak, eta sarreran, bere buruaz dio emakume behatzailea izan zela. Senarrak sarri esaten omen zion sorgin ukitua zuela, intuizio handiko emakumea zelako, baina barrenera begira jarri eta bere bizitzari errepasoa egiten hasten zenean jabetzen zela pertsonei arretaz begiratzea gustatu izan zitzaiola beti, eta hala ikasi zuela sorgin izaten. Behatzailea, hausnartzailea eta pentsalaria izan zen.

Zortekoak senti zaitezkete, gertatu zena isiltzeko joera handiagoa izan ohi dutelako gerra bizi izan zutenek.
Bai, hala da. Tenperamentu handikoa zen, eta poza eta tristura berdin-berdin agertzen zituen. Ez da oso ohikoa gerra bizi izan zutenek garai haiei buruz hitz egin nahi izatea; isiltasuna nagusitu da hemen, hezurretaraino sartu zietelako beldurra. Hormek ere entzuten dutela sinisterainokoa zuten beldurra eta gertatutakoa isiltzeko joera izan dute askok, ondorengoei minik ez eragiteko batzuetan, eta beste zenbaitetan, oroitzea bera mingarri zitzaielako. Baina gure amama dena kontatzekoa izan da, uste zuelako garrantzitsua zela jakitea, berriro gerta ez zedin. Ahozko transmisio hori beti izan da gurean, bai. Era berean, ikaragarri gustatzen zitzaion idaztea ere, eta asko utzi  zuen idatzita. Testu horiek oso irakurriak izan dira gure familian

Haren idatzietan oinarritu duzue liburua.
Haren idatziak beti izan dira altxor handi bat niretzat. Lan ezberdinak egin izan ditugu amamaren idatziak erabilita, bai eta hari egindako grabazioak baliatuta ere, eta familiatik kanpora ere beti sortu izan dute interesa amamaren kontuek, unibertsitatean-eta. Urteak ziren, baina, ezer egiten ez genuena. Oraingo honetan, Iñigo Sarasolarena izan da ekimena. Bera hasi zen marrazkiak sortzen. Pandemia aurretik jakinarazi zidan zertan ari zen, eta orduan ere esan nion zerbait egin behar genuela, baina iaz, sortuak zituen marrazki guztiak ikusi nituenean, txundituta gelditu nintzen. Sekulako konexioa sentitu nuen berriro amamarekin. Garai hartan, euskara, kultura eta eskolari buruzko proiektu bat lantzen ari nintzen ni gure amama eta aitonaren memoriekin, eta irudi haiek proiekturako erabiltzeko esan zidan Sarasolak, umil; baina ez, haiek argitaratu egin behar ziren; amamaren ahotsa oso garbi entzuten nuen nire barruan aurrera egiteko eskatzen. Banekien amama ikaragarri poztuko zela marrazki haiek argitaratuz gero, sekulako garrantzia ematen ziolako gertatutakoa kontatzeari eta arbasoak ohoratzeari; haiek egindakoari balioa emateari. Gogoratzen naiz gure semeak urtebete inguru zuenean nola esaten zigun bisitan joaten gintzaizkionean: 'Ze pena, handitzen denean ez nau ezagutuko, baina  zuek hitz egin asko gutaz, haiengan bizirik manten gaitezen'.

Gerraren izugarrikeriaren berri eman duzue letra gutxi eta marrazki askotan. Horrek berak ez dirudi ariketa erraza.
Izugarriak dira ilustrazioak. Liburuko bineta bakoitza A4 batean eskuz egindako irudi bat da, gero digitalizatua dagoena, eta arreta handiz irakurtzea eskatzen duena, detaile guztiekin eman dituelako Iñigok. Niri erakutsi zidanerako lanaren parte handiena maketatuta zeukan, baina Iñigok ez zekien gure amonak egunerokoa idazten zuenik eta gerran suntsitu zuenik beldurragatik. Eskatu nion txertatzeko hori liburuan, bai eta aitonaren ibileren inguruko informazioa ere. Kapitulu bakoitza amaitu ahala marrazkiak pasatzeko eskatu nion, Iñigok erabili zituen gure amonaren idatziak euskaratu eta haietatik komikirako testua sortzeko. Nahi izan nuen narrazio gutxiago eta elkarrizketa gehiago sartu, komikiaren kodea errespetatzeko, baina oso ariketa zaila egiten zitzaidan, elkarrizketa gehiago sartzeak narrazioa gutxitzea eskatzen zuelako eta hori amamaren ahotsa isiltzea zela iruditzen zitzaidalako. Uxue Errazkin editorearen laguntzarekin moldatu nuen, baina, eta pozik nago oso, irakurleek esan didatelako oso ondo ulertzen dela kontakizuna. Gauza bat errepikatu dute denek, hori bai: irakurri dutela behin azkar, baina patxada handiagoz irakurri nahi dutela orain, ilustrazioetan jasotako informazio guztiari behar bezala erreparatu ahal izateko. Filme bat da liburua.

Emakume baten begietatik kontatu duzue gerra. Zertan da berezia begirada hori?
Bai. Emakume batek ez du ikusten aurkaria Espainia, Alemania edo beste bat den. Emakumeak pertsonak ikusten ditu, familia, eta kezka horrek bizi zuen gure amama ere. Liburuan badator pasarte bat paraxutean salto egiten duen Alemaniako soldadu batena. Bizkarrean hartuta darabilte haren hilotza hara-hona Bilboko kaleetan, garaikur bat bailitzan, eta errukituta begiratzen dio gure amamak. Besteek garaikurra ikusten duten lekuan, ume izan den gizon gazte baten hilotza ikusten du amamak, eta honela esaten du: "Pena izan zen, bizitzaz beterik zegoen gaztea, baina gu hiltzera zetorren". Gehiago esango dizut: Francoren irudia bera ez dago komikian. Aldiz, zaintzari lotutako pasarteak asko dira. Agertzen dira agintari batzuk ere, aitona Jaurlaritzakoen txoferra izan zelako, baina horrexegatik, ez gure amamak bestela agintariei eta politikari erreparatu zielako. Gerran fitxak mugitu zituztenak ikusi beharrean, odola ikusten du gure amamak, herri xehearen sufrikarioa. Horregatik nabarmentzen da liburuan kolore gorria ere, gorria delako minaren kolorea, baina gorria delako, era berean, odolaren, biziaren, kolorea ere.

Zerk markatu zaitu prozesu honetan gehien?
Amama orainaldira ekartzeak berriro. Iñigok eta biok egin dugu hau, baina partekatu dugu amamaren seme-alabekin lehenengo eta gero nire neba-arrebekin ere bai, eta oso polita izan zait haiek denen erreakzioa ikustea. Amamaren bake-irrintzi bat da liburua, eta gerrek beti patroi bera jarraitzen dutela erakusten du. Telebista piztu eta ikusten dut errepikatzen dela 36ko gerraren patroia: abisatzen dute bonbardatuko dutela eremu bat, ematen dizue denbora hutsa handik alde egiteko, eta bonbardatzen dute berriro.