Gigorraki elkarteak antolatutako mahai-inguruan parte hartuko duzu gaur arratsaldean. Nola animatu zara parte hartzera?
Gigorraki elkarteko lehendakaria nire laguna da eta berak gonbidatu nau parte hartzera. Ikusleen artean ere asko gorrak izango dira, baina entzuleak ere egongo dira. Gure asmoa gure errealitatearen berri ematea da. Entzuten ez duten horiek ondo uler dezaten zeinuen hizkuntzako itzultzaile bat izango dugu.
Kontaguzu zure istorioa. Zein zailtasun gainditu behar izan dituzu eguneroko bizimoduan gorra izateagatik?
Jaiotzetik naiz gorra. Mila proba egin ostean, hainbat ebakuntza egin zizkidaten, baina ez nuen entzuterik lortzen. Komunikaziorako arazo larriak izan ditut beti. Gaur egun ez dut lanik egiten gorra izateaz gain gaixotasun bat ere badudalako. Gizarte honek ez du ondo funtzionatzen, eta oraindik ere ikusezinak gara. Gustatuko litzaidake erakunde publikoetan zeinu hizkuntzan komunikatzeko gaitasuna duten langile gehiago aurkitzea, esate baterako, anbulatorioan edota udaletxean. Oso zaila egiten zait horrelako lekuetara joatea.
Nola hasi zinen arku tiraketan?
Lagun batzuek arku tiraketa txapelketa batera gonbidatu ninduten orain dela pare bat urte. Gustatu zitzaidan ikusi nuena, eta probatzea erabaki nuen. Hilabeteren buruan arku tiraketa klubean sartu nintzen. Arku tiraketa tradizionalean hartzen dut parte. Puntuazioa hobetu nahian dihardut azkenaldian, baina oraindik ez dut puntu nahikoa eskuratu. Lanean ari naiz.
Nola komunikatzen zara taldekideekin?
Klubeko kideak oso adeitsuak dira nirekin. Poliki hitz egiten didate, eta horrez gain, askotan idatziz bidaltzen dizkidate oharrak. Teknologiaren aurrerakuntzak asko erraztu dizkit gauzak komunikatzeko orduan. Gaur egun ia audio gehiena irakurtzeko aukera dago, azpitituluei esker. Unean uneko itzulpena egiteko aukera dago gaur egun, eta teknologiari esker, erraza da audioa testu bilakatzea. Teknologiari oso eskertuta nago.
Txapelketan bakarrik egoten zara. Nola moldatzen zara?
Azken txapelketara joan nintzenean lau lehiakideri esan egin nien gorra nintzela, eurek abisatzeko noiz hasten zen lehiaketa. Bestela ez nuke jakingo noiz hasi geziak botatzen, eta ezta noiz bukatu ere, jakina. Horrez gain, tiro linean markagailu moduko bat zegoen, semaforo estiloko zerbait. Denbora markatzen zuen, eta hori ere ondo etorri zitzaidan erritmoa neurtzeko.
Bakarkako kirola da arku tiraketa. Talde kirolean zailtasun handiagoak dituzula esango zenuke?
Izan daiteke, bai. Arku tiraketan baino lehen judoan ibili nintzen. Umetan hasi nintzen eta gerriko marroia lortzera iritsi nintzen. Gogoan daukat orduko kideak oso ondo tratatzen nindutela. Pazientzia handia zeukaten nirekin. Poliki berba egiten zidaten, eta saiatzen ziren nirekin komunikatzen.