'Batera Elgoibarren' egitasmoa aurkeztuko dute abenduaren 3an Herriko Antzokian

Barren 2025eko azaroaren 28a

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, aurkeztuko dute jendaurrean Batera Elgoibarren herri-ekimena. 

Herriko Antzokian izango da aurkezpen ekitaldia 19:00etan, eta sarrera librea izango da. 

Ekimenaren helburu nagusia zera da: 10 urte barru Elgoibarren euskara gehiago egin eta entzutea. Elgoibarko Izarra eta Udala izan dira lehen fasearen eragile nagusiak, eta Taupa Euskaltzaleon Mugimenduak gidatu eta dinamizatu du lan-prozesua. 

Zortzi baldintza, Elgoibar euskaldunagoa izateko 

Elgoibar euskaldunagoa izateko bete behar diren baldintzak aztertu eta adostea izan da urtarrilean hasi eta ekainera arte iraun duen lan-prozesuaren egiteko nagusia. Elgoibarko 105 lagunek parte hartu dute, eta zortzi izan dira adostu dituzten baldintzak. Behin baldintzak adostuta, baldintza horiek herriko entitateei aurkeztu dizkiete, eta orain herritarren aurrean egingo dute aurkezpena. Lan prozesuan euskaraz ez dakiten jendeak ere hartu du parte, eta antolatzaileek esan dute aurkezpen ekitaldian aldibereko itzultzaile zerbitzua ere egongo dela, euskaraz ulertzen ez dutenentzat. 

Informazioa eta emozioa, uztartuta

Zortzi baldintza horiek aurkeztuko dituzte eguaztenean Herriko Antzokian. Hala ere, antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera, antzokiko oholtzan ikusi eta biziko denak gehiago izango du emoziotik informaziotik baino. Izan ere, baldintzak ez dituzte hitzekin azalduko. Biraka dantza taldeko dantzariak, Mari Juli Conde, Aitor Nova eta Nerea Gil, Aitor Gisasola eta Kitziki musika taldeko Olatz Macazaga eta Maddi Arrieta gonbidatu dituzte baldintza horiek azaltzeko. 

Elgoibarko azterketa soziolinguistikoaren laburpena

Baldintzak azaltzeaz gain, Siadeco enpresak egin berri duen Elgoibarko azterketa soziolinguistikoaren laburpena ere emango dute bost minutuko bideo batean, eta beste sorpresaren bat izango dela aurreratu dute. Antolatzaileek Herriko Antzokia bete nahi dute, eta parte hartzera deitu dituzte herritarrak.