Sanlokoek garaipen argia lortu zuten asteburuan Zarautzen, Ameztoi Zarautzi 23-30 irabazita. Euskal Kopan ere jokatu zuten elkarren aurka denboraldiaren hasieran, eta nola jokatzen zuten jakin arren, partida "lo" hasi zutela aitortu dute Malapeko jokalariek. Halere, gol bateko errenta eraman zuten atsedenaldi luzera. Bigarren zatian jokoa bizitu, lehen zatian baino "korrika gehiago egin"; eta hala lortu zuten zazpi goleko errenta partida maierako makagailuan.
Malapek Berango Urdulizen aurka jokatuko dute Olaizagan, zapatuan, 19:30. Bizkaitarrak sailkapeneko laugarren postuan daude, 8 punturekin; elgoibartarrek baino lau puntu gutxiago. Malape eta Zuhegan Orio taldeek daude sailkapeneko lehen eta bigarren postuetan, biak partidarik galdu gabe, 12 punturekin. Hemendik lau jardunalditara tokatzen zaie elkarren aurka aritzea.
Alcortak, liderrari bisita
Senior gizonezkoen Alcorta Forging Group taldeak etxetik kanpo jokatuko du ligako hurrengo jardunaldian, Donibane Kalaburtza liderraren etxean, hain justu ere, Pasai Donibanen (domekan, Donibane kiroldegian, 13:15ean). Elgoibartarrek baino bost puntu gehiago dituzte pasaiarrek sailkapenean: 16 puntu Donibanek eta 10 puntu Alcortak. Alcortak Olaizagan jokatu zuen aurreko asteburuan, eta puntu bakarra eskuratu zuen Legazpiko Lau Bide Jatetxea taldearen aurkako neurketan, 29na berdinduta amaitu baitzuten partida.
Pizzeria Salento, aparteko garaipen boladan
Malape taldeak moduan, senior gizonezkoen bigarren taldeak ere partida guztiak irabazi ditu denboraldi honetan; bederatzitik bederatzi. Pizzeria Salento Elgoibar taldea Gipuzkoako bigarren mailako B multzoko lehen postuan dago sailkatuta, 18 punturekin. Bera Bera dago bigarren, 15 punturekin eta Eibar Eskubaloia C taldea hirugarren, 12 punturekin. Azken jardunaldian 30-19 gailendu zen Salento Egia Kata Tabernaren aurkako lehian. Zapatu honetan etxean jokatuko dute, Aloña Mendiren aurka, Olaizagan, 17:45ean.