Aniztasun funtzionala ikusarazteko informazio mahaia jarriko du Nualak Kalegoen plazan, azaroaren 29an

Barren 2025eko azaroaren 24a

Abenduaren 3a desgaitasunaren nazioarteko eguna da, eta horren harira Nuala elkartekoak kalera irtengo dira azaroaren 29an, zapatua, aniztasun funtzionala ikusarazteko. 

Informazio mahaiak jarriko dituzte Kalegoen plazan, eta umeentzako txokoak ere prestatuko dituzte. Aurpegiak margotuko dizkiete, ipuinak kontatu eta argazkiak ateratzeko gunea ere egongo da. Horrez gain, elkartea diruz laguntzeko helburuarekin, materiala jarriko dute salgai: kamisetak, koadernoak, motxilak...

11:00etatik 14:00etara egongo dira. Material berria erosteko dirua Elgoibarko Meka ikastetxeak eman dio Nualari. Azaroaren 25ean egingo dute dohaitza-ekitaldia ikastetxean bertan, 12:00etan. Nuala elkartekoek eskerrak eman dizkiote Mekari, eurekin gogoratu direlako.

Nualakoak iaz ere atera ziren kalera, aniztasun funtzionala ikusarazteko. Arg: Nuala.