Indarkeria matxista eta konplizitate sareak salatzera kalera irten dira dozenaka herritar

Barren 2025eko azaroaren 26a

Elkarretaratzea eta manifestazioa egin zituzten Elgoibarren Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean. 

Elkarretaratzea hasi baino hamar minutu lehenago kaleak zuritu zituen txingorra bota zuen arren, ateri eutsi zion gero. Plazan egin beharreko ekitaldia udaletxeko arkupeen babesean hasi zuten. Ondoren, manifestazioan zeharkatu zituzten herriko kaleak, aurreko urteetakoa baino ibilbide luzeagoa eginez, gainera, Santa Ana kalerantz hasi baitzuten ibilia.  

Kalegoen plazan amaitu zuten manifestazioa eta han, biribilean jarrita, gogoan izan zituzten Euskal Herrian aurten bortxa matxistagatik hildako zazpi emakumezkoak. "Euskal Herriko Mugimendu Feministatik maitasun osoz gogoratzen zaituztegu, ez zaituztegu bakarrik utziko. Besarkada bana senide eta lagunei ere", adierazi zuten hitza hartu zuten bi ordezkariek. 
Euskal Herriko Mugimendu Feministak "konplizitate sareak" eta gizonen arteko "konplizitate isila" den "itun matxista" salatuko ditu aurtengo azaroaren 25eko mobilizaziioetan, eta Elgoibarko Emakume Feministen Asanbladakoek ere lelo hori eraman zuten manifestazio buruan joan zen pankartan: "Konplizitate sareen aurrean erresistentzia feminista". Mugimendutik azaldu dutenez, indarkeria matxista ez da gaitz bat, ez da ezerezetik sortzen, eta ez da bakarrik sostengatzen: "Baditu sareak, egiturak, konplizeak. Eta aurtengoan horiek sostengatzen dituzten egiturak, konplizitate sareak salatzera atera gara kalera". 
Plazan bildutakoei erresistentzia feministarako deia egin zieten, honela: "Segi dezagun antolatzen eta kaleak hartzen, segi dezagun autodefentsa feminista aldarrikatzen eta gauzatzen; kaleetan, etxeetan, lantokietan, jai egunetan, e.a. Erantzun diezaiogun indarkeria sostengatzen duten haien konplizitate sareei, horien aurka borrokatzen duten konplizitate sare feministekin".