Aniztasun funtzionala duten pertsonen alde egiten duten guztiagatik esker on berbak izan zituen atzo Nualakoentzat Jose Mari Beristain MEKAko zuzendariak. Ekitaldian, Beristain zuzendariaz eta Nuala elkarteko hiru ordezkariz gain, Oinarrizko Administraritza zikloko lehen mailako ikasleek eta haien irakasle eta laguntzaileek parte hartu zuten. Laiene Menika Mekako komunikazio arduradunak egin zituen atariko aurkezpenak, eta ondoren, ikasleek ikasten ari diren zikloaren inguruko aurkezpena egin zieten Nuala elkarteko ordezkariei. Powerpoint baten laguntzarekin azaldu zituzten ikasleek ziklo berriaren ezaugarriak, eta adi entzun zuten haien azalpena Nuala elkartekoek. Izan ere, Nuala elkarteak berak egin du indarra gaur Mekan Oinarrizko Administraritza zikloa izan dezagun. Nualak jo zuen Elgoibarko Udaleko atea, eta elkarrekin jo zuten gero Udalak eta Meka ikastetxeak Hezkuntza Sailera eskaera horrekin. Elkarlan horren fruitua da gaur Mekan eskaintzen duten Oinarrizko Administraritza zikloa.
Ikasleen aurkezpenaren ondotik, Nuala elkartekoek hartu zuten hitza. Elkartea zergatik eta zertarako sortu zuten azaldu zieten ikasleei, eta gaur eskaintzen dituzten zerbitzu eta programen berri ere eman zieten, tartean aisialdirako Kuadrilla egitasmoaren berri. Era berean, azaroaren 29an aniztasun funtzionala ikusarazteko Leku Ederren jarriko duten informazio mahaiaren inguruan ere mintzatu zitzaizkien ikasle eta irakasleei, hain zuzen ere mahai horretan salgai jarriko duten material berria delako Mekaren laguntzarekin erosi dutena (Euria egingo balu, elizako arkupeetara aldatuko lukete mahaia).
Desgaitasunaren Nazioarteko Eguna da abenduaren 3a eta horren harira irtengo dira kalera Nualakoak. Atzoko ekitaldi amaieran, Nuala elkartearen opari bana ere jaso zuten ikasleek. Kamiseta bana aukeratu zuten ikasle gehienek elkarteko boluntarioek aukeran jarritako material guztitik, eta haiek jantzita atera zuten gero talde argazkia.