Indarkeria matxistaren kontrako aldarria ozen entzun da Elgoibar BHI institutuan

Barren 2025eko azaroaren 25a

Indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko eguna da gaur, eta Elgoibar BHI institutuan ekintza berezia egin dute gaur, bi helbururekin: batetik, gogorarazteko bi emakumetik batek jasaten duela gaur indarkeria matxista, eta bestetik, biktimei erakusteko ez daudela bakarrik.

Goizean, Elgoibar BHIko ikasleek eurek diseinatutako txapak eskaini dizkiete ZIG gelako ikasleek ikastetxeko gainerako ikasle eta irakasleei, Batxilergo musikaleko ikasleek musikaz girotutako ekitaldian. Ekitaldi horren baitan, ikasleek eurek idatzitako manifestua ere irakurri dute, eta ondoren, talde argazkirako batu dira lehenengo eta bigarren zikloko ikasleak, ikastetxeko atarian. Ekitaldia amaitzeko, Hezkidetza-Elkarbizitzako ikasleek diseinatutako bandera ipini dute ikastetxean, gaurko eguna zein garrantzitsua den gogorarazteko lagako dutena. Eta era berean, tutoretza orduetan eta Komunitate Proiektuetan egin dituzten lanekin jantzi dituzte ikastetxeko korridoreak. 

  • Hona hemen ikasleek gaur irakurri duten MANIFESTUA

Pegatina lehiaketa, azaroaren 25a gai hartuta

Aurreko ikasturteetan egin bezala, aurten ere pegatina lehiaketa antolatu dute institutuan azaroaren 25aren harira. Ikastetxetik jakinarazi dute "lan bikaina" egin dutela ikasleek, eta Adan Leon, Aya Kasmi eta Zara Muhammadenak izan direla diseinurik onenak. Lehiaketa Adan Leon DBH1A-ko ikasleak irabazi du, eta irudi horrekin 1.000 pegatina inguru inprimatu dituzte, ikastetxean banatzeko. BARRENen bulegora ere ekarri dizkigute horietako pegatina batzuk. Lerro hauen bidez, beraz, eskerrik asko institutuko komunitate osoari.