Nerabeen jokabide suizidak eta autolesioak izango dituzte hizpide Zurrunbiloa proiektuko hurrengo saioan

Barren 2025eko azaroaren 25a

Zurrunbiloa proiektuaren barruan, 'Jokabide suizidak eta autolesioak nerabeetan' izenburua duen trebakuntza saioa egingo dute, eguazten honetan, Elgoibarren. Adituen iritziez gainera, Laura De la Iglesia Sanchez gazteak bere testigantza partekatuko du saioan.

Alex Muela Aparicio psikologoak eta Jon García Ormaza psikiatrak gidatuko dute trebakuntza saioa. García Ormaza neurozientzietako ikertzailea da EHUn eta mediku psikiatra Zamudioko Ospitalean. Suizidioan espezializatua dago. Eta argi du zein den suizidioa prebenitzeko modurik eraginkorrena eta sinpleena: sufritzen ari den gaztearengana gerturatu eta, epairik gabe, entzutea. Horixe egingo dute, esaterako, Elgoibarko saioan, Laura De la Iglesia Sanchez gazteak bere esperientziaren berri emango baitu.

Garcia Ormaza psikiatrak argitu duenez, antsietate-arazoak eta depresioak dira gaur egun haur eta nerabeetan gehien azaltzen diren buru-nahasmenduak. "Mutilen artean jokabide-nahasmenduak dira ohikoak. Nesken artean, elikadura-nahasmenduak. Baina, azken urteetan, asko igo dira autolesioak eta jokabide suizidak, batez ere nesketan", dio.

  • NON eta NOIZ? Azaroaren 26an izango da hitzaldia, udaletxeko pleno aretoan, 18:00etan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, haur, nerabe eta gazteen guraso, tutore eta hezitzaileei bereziki zuzendutako saioa da. Ekitaldia ondo antolatu ahal izateko interesa dutenei aurrez izena emateko eskatu diete. Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) eman dezakete izena.