Josu Merinok jaso du FEDME sarietako bat, Suitzan eta Italian eginiko izotz eskaladengatik

Barren 2025eko azaroaren 25a

Josu Merino‘Wild Grisenche’-n (M9) bistan sinatutako eskalada bakarrenetarikoan.

Urte osoan egin diren eskalada eta alpinismo jarduera garrantzitsuenak saritzen ditu EDME Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak, eta Josu Merino Ruiz alpinista elgoibartarrak jaso du aitortzetako bat.

Hogeita bost hautagaitza aurkeztu dira FEDME sarien azken edizio honetara, eta hemezortzik gainditu zituzten lehiaketaren oinarriak. Epaimahaiaren ardura izan da gero jarduerok aztertu eta irabazleak aukeratzea. Hamar lagunek osatu dute epaimahai hori: Fatima Gil, Paola Cabistany, Angela Altaba, Miriam Marco, Andrea Cartas, Iker Madoz, Rafael Vadillo, Manu Cordova, Rafael Domenech eta Javier Bueno.

Guztira hamar sari banatzen dituzten arren, eman gabe laga dituzte bi kategorietako sariak eta zortzi izan dira azkenean sarituak. Josu Merino elgoibartarrak jaso du horietako bat, gizonezkoen izotz eskaladako eta dry tooling kategoriako saria, hain zuzen ere. Merinok zailtasun handiko bideetan egin zituen neguko eskaladak, urtarrilean eta otsailean, Italian (Val Gardena eta Cogne) eta Suitzan (Kanderstegen).

Alpinista elgoibartarrak Jose David Lopez ‘Troner’ errioxarra izan zuen lagun orain saritu dituzten jarduera horietan. Kordadak Dolomitetako, Cogneko eta Suitzako mendietan sinatu zituen bideak, -100 eta 200 metro arteko marrak oro har- eta horietako gehienak bistaz eskalatu zituzten, hau da, aurrez ezagutu gabeko bideetan ibili ziren, eta baldintza oso zailetan gainera; izotz gutxi eta apurtutako egituretan gora eginez. Aipagarrienak aipatzearren: ‘Empire strikes back’ (M11, Cogne) ziur aski estilo horretan egin den munduko lehen igoera da. ‘Wild Grisenche’-n (M9), berriz, bistan sinatutako eskalada bakarrenetarikoa. Beste batzuk: ‘Hybrid’ (M8+), ‘Space Shuttle’ (M9-) edo ‘March’ (M9).

Merinok eta Tronerrek egin zituzten eskaladei buruzko informazioa eta argazkiak HEMEN