Oraingoan inguruko enpresetan zientzia eta teknologia alorrean lan egiten duten emakumezkoen bisita izan dute, eta gertutik ezagutu ahal izan dute haien lanbidea. Ainara Astigarraga, Kalitate kontroleko ingeniaria; Eva Rodriguez, Teknikerreko fisikaria; Ana Carolina Lodeiro, Hiri adimentsuetako salmenta arduraduna eta Miren Otal, AVS enpresako ingeniariak hartu dute parte.
Ekimenaren helburu nagusia gazteei STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) arloetan lan egiten duten pertsonei buruzko ikuspegi "errealista eta hurbila" ematea dela azaldu dute eragileek. Diotenez, genero-estereotipoek "oztopo nabarmena" izaten jarraitzen dute arlo horretan, batez ere neskentzat, askotan ez baitira ikusten lanbide zientifikoetan edo teknologikoetan lan egiten dutela. "Berriki egindako ikerketek erakusten dutenez, ideia oker ohikoenetako bat lanbide horiek gizonekin soilik lotzea da. Horregatik, jarduera honetara gonbidatutako profesionalak emakumeak izan dira soilik, aurreiritziak eraisteko eta benetako emakumezko erreferenteak erakusteko ahaleginean".
