Markel Kerexeta xakelaria Gipuzkoako Lehen Mailan arituko da aurrerantzean

Barren 2025eko azaroaren 24a

Bigarren eta hirugarren mailetako Gipuzkoako Xake Txapelketen kanporaketak hartu zituen Elgoibarrek zapatuan.

Errenterian eta Donostian ere jokatu zituzten zonaldeka banatuta jokatzen duten Gipuzkoako Txapelketako kanporaketak, egun berean. Elgoibarkoak Zubi-Ondo taldearen egoitzan jokatu zituzten, eta zortzi xakelari aritu ziren lehian Gipuzkoako Bigarren Mailako txapelketako kanporaketan. Elkarren aurka jokatu eta gero, Markel Kerexeta gailendu zen 6,5 puntu batuta, hau da, partida guztiak irabazi zituen; berdinketan amaitu zen partida bat izan ezik. Alberto Bellosillo beasaindarra sailkatu zen bigarren postuan, 5,5 punturekin (ikus sailkapenak). Lehen bi sailkatuek mailaz igotzea lortu dute eta Gipuzkoako Lehen Mailan arituko da aurrerantzean. Maila horretan dihardutenek Gorengo mailakoen aurka jokatzen dute. 

Markel Kerexeta txapelketako une batean.

Eibartarrak nagusi Hirugarren Mailako kanporaketan

Hirugarren Mailako kanporaketan, berriz, hamalau xakelarik hartu zuten parte, eta xakelari eibartarrak nabarmendu ziren, lehen hiru postuak eskuratu baitzituzten: Raul Fernandezek irabazi zuen, Mikel Saenz sailkatu zen bigarren postuan eta Yerai Fernandez hirugarrengoan. Podiuma osatu zuten hiru lagunak, ondorengo argazkian.

Mintxeta txapelketa, azken txanpan

Domekan jokatuko dute Mintxeta Udazken Xake Txapelketako azken jardunaldia. Sei jardunaldi jokatu eta gero, bi xakelari iritsi dira azkenera txapelketa irabazteko aukerekin: Andres Perez azpeitiarra da bata, eta Markel Kerexeta elgoibartarra bestea. Bost partida irabazi dituzte biek, 5,5 puntu batuz, eta elkarren aurkako partida berdinketarekin amaitu zen. Azken jardunaldian garaipenak eskuratzen badituzte, berdinketa hasteko gainerako xakelarien emaitzak hartu beharko dituzte kontuan.

*Argazkiak: Zubi Ondo xake taldea.