Bi behargin atxilotu dituzte Elgoibarren lan egiten zuten enpresatik kobrea eta bestelako materiala lapurtzea leporatuta

Barren 2025eko azaroaren 21a

Bi atxilotuek hilabeteak zeramatzaten beren enpresako materiala lapurtzen, Ertzaintzak jakinarazi duenez.

Ertzaintzako agenteek 54 eta 36 urteko bi gizon atxilotu dituzte Elgoibarren, ebasketa-delitu jarraitua leporatuta. Ertzaintzak jakitera eman duenez, atxilotuek hilabeteak zeramatzaten lan egiten zuten enpresatik kobre-materiala lapurtzen, gero txatartegi batean saltzeko. 

Enpresako arduradun batek eguaztenean jarri zuen salaketa Eibarko Ertzain-etxean. Bezperan bi langile lapurretan harrapatu zituela jakinarazi zien arduradunak ertzainei. Salaketan jasotakoa egiaztatzera joan ziren agenteak enpresara, eta enpresakoa zen materiala eta kobrea atzeman zituzten miatu zituzten ibilgailuetako baten maletategian. Hiru kaxatan gordea zuten ostutako materiala, guztira 86 kilo. Ertzaintzak uste du inplikatuek pieza horiek moztu eta prestatzen zituztela, gero txatartegi bati saltzeko.

Orain arte egin duten ikerketen arabera, bi beharginek urtebete baino gehiago zeramatzaten materiala lapurtzen, eta "hilean bizpahiru aldiz" egiten zituzten halako lapurretak. Ikertzaileek eta enpresako arduradunek kalkulatzen dutenez, lapurtutako materialaren balioa 27.000 euro ingurukoa da.

Bi atxilotuak espainiar nazionalitatekoak direla zehaztu du poliziak, eta dagoeneko jarri dituzte Eibarko Guardiako Epaitegiaren eskuetan.  

Lapurtutako materialaren irudiak zabaldu ditu Ertzaintzak.