Kalexka elkarteak kudeatuko du Elgoibarko Gizarte eta Hezkuntza Arloko Esku-hartze Zerbitzua

Barren 2025eko azaroaren 17a

Kalexka elkarteko eta Elgoibarko Udaleko ordezkariak.

Gizarte eta Hezkuntza Arloko Esku-hartze Zerbitzua lizitatu du Elgoibarko Udalak, Gizarte Zerbitzuetako Departamentuaren bitartez. 

Lizitazioa Kalexka Elkarteari esleitu diote, esku-hartze sozial eta komunitarioaren arloan "eskarmentu handia" duen erakundea, Udaletik azpimarratu dutenez.
Elgoibarko Udalak 2017an jarri zuen martxan zerbitzu hori, gizarte-bazterketa edota mendekotasun egoeran dauden adin nagusiko herritarrei zerbitzua emateko. Helburu nagusi bat du zerbitzuak; gizarteratze-prozesuei laguntzea; horretarako, autonomia pertsonala, partehartze komunitarioa eta prestakuntza, gizarte eta lan baliabideetarako sarbidea sustatuz.

Udaletik aurreratu dutenez, aurreko urteetako esperientziatik abiatuta, etapa berri honetan kaleko lana indartuko dute, egoera zaurgarriak atzemateko eta prebenitzeko. Era berean, tokiko beste zerbitzu eta eragileekin dituzten harremanak ere sustatuko dituzte, elkarlana indartzeko. 
Zerbitzua banakako eta taldeko esku-hartzeen bidez gauzatuko dutela jakinarazi dute, parte-hartzaileen beharretara egokituta. Lantaldeari dagokioneez, bi gizarte-hezitzailek eta koordinatzaile batek osatutako taldeak gidatuko du zerbitzua, eta horien zeregina izango da programaren plangintzaz eta jarraipen teknikoaz arduratzea.