78 korrikalarik hartu dute parte Morkaikok antolatzen duen Karakateko igoeran, tartean, 9 emakumek. 11:00etan puntuan irten dira Kalegoen plazatik, herritarren txalo artean. Bakoitzak nahi duen bidea aukeratuta, Karakate puntara iristea zuten egitekoa, eta lan horretan Asier Murua izan da azkarrena, 28:43ko denborarekin. Iñigo Lariz iritsi da bigarren lekuan, 29:02 denbora eginez. Irabazlea ere Elgoibarkoa denez, lehen elgoibartar gizonezkoari dagokion saria Larizek jaso du.
Emakumezkoetan Irati Ortiz de Anda izan da azkarrena, 34:53 denborarekin, eta Lore Bereziartua izan da Elgoibarko lehen emakumezkoa, 41:15 denbora eginda.
Bi sari berezi ere eman dituzte: Irabazlearen denbora bikoitzetik gertuen iritsi dena Victor Dobarro elgoibartarra izan da 56:28 denborarekin, eta Maite Landaburuk jaso du aurpegi onenarekin iristeagatik ematen duten saria.

