Errementari eta Irati filmen sortzailea gaueko unibertsoan murgildu da oraingoan, XVII. mendean, sorgin-ehizaren garaian, Euskal Herriko mendietan girotutako istorio bat kontatzeko.
Hona Gaua filmaren sinopsia: Euskal mendiak, XVII. mendea. Sorgin ehiza betean, Kattalinek senarrarengandik ihes egiten du, eta baserritik alde egiten du gauaren erdian. Basoaren belztasunean galduta, haren atzetik dabilen presentzia bat sentitzen du. Bidean, hiru emakumerekin topo egiten du, eta, arropa ibai ondoan garbitzen duten bitartean, beldurraren ipuinak eta herriaren esamesak partekatzen dituzte. Bere harridurarako, Kattalin istorio horien parte bihurtuko da.
Yune Nogueiras, Ane Gabarain, Elena Irureta eta Iñake Irastorza dira filmeko aktore nagusiak, eta Xabi Jabato, Erika Olaizola, Manex Fuchs eta Elena Uriz dituzte alboan, besteak beste.
Elgoibarko Herriko Antzokian emango dituzten saio guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte (gaztelaniazko azpitituluekin).
'Gaua' (Euskaraz) Elgoibarko Herriko Antzokian
- 15 zapatua: 19:00 / 22:15
- 16 domeka: 19:00
- 17 astelehena: 21:00