HABEk jatorri askotatik datozenentzat propio prestatutako ikastaroa da Aisa I; 60 ordukoa. Elgoibarren, Herri Eskolako eta Ikastolako 24 guraso ari dira parte hartzen ikasturte honetan, eta Elgoibarko Udalak emandako babesari esker, ikastetxeetan bertan jasoko dituzte eskolak. DEBABE Udal Euskaltegiko irakasle bera ari da bi guraso taldeekin lanean, astean bitan, bina ordu, haurrak eskolan dauden bitartean. "Urrian hasi zuten ikastaroa eta otsailean bukatuko dute, eta gustura ari dira euskara ikasten", adierazi dute sustatzaileek. Udaletik gaineratu dutenez, ahalegina egingo dute taldetxo horiek euskara ikasten jarraitu eta Aisa II ikastaroa egin dezaten.
Hainbat herrialdetakoak dira izena eman duten lagunak: Errepublika Dominikarra, Filipinak, Kuba, Ekuador, Bolivia, Nikaragua, Mexiko, Aljeria, Kolonbia, Sahara, Maroko, Venezuela, Honduras eta Jaen. Ikastaroan, gure gizartea ezagutzeko lagungarri diren gaiak lantzen dituzte: agurrak, zenbakiak, eskola, garraioa, osasuna, kirola, merkataritza… Horrez gain, hiztegia, hizkuntzaren oinarrizko ulermenak (kaleetako errotuluak, kartelak…); eta, euskal kulturaren inguruko azalpenak ere izaten dituzte aztergai.
