EHUko OPIK ikerketa-taldeko kidea da Xabi Martinez gaur, eta generoa, klase soziala eta jaioterria bezalako gizarte-baldintzaileek antsiolitikoen kontsumoan duten eragina aztertzen dihardu, nerabeetan.
Psikofarmakoen kontsumoak gora egin du nerabeetan, baina ez dirudi adin-tarte horretara mugatzen den kontua denik. Zerk eragiten du ondoez hori?
Ondoeza aro honen sentimendua da, eta faktore askok eragindakoa da. Oraindik ez daukagu oso argi zer gertatzen ari den, baina baditugu hipotesi batzuk, gero eta indar handiagoa hartzen ari direnak. Esango nuke gaur egungo gazteek badutela, oro har, sentsazio bat nahiko markatua: ziurgabetasunaren sentsazioa. Bizi-baldintzei lotuta dago ziurgabetasun hori hein handi batean, egoera sozioekonomikoari eta prekarietateari lotua. Nerabeak jabetzen dira beren aurrekoek baino zailagoa dutela lana topatzeko, emantzipatzeko, etorkizuneko planak egiteko... eta horrek egoera zaurgarriagoan jartzen ditu. Era berean, eragin handia dute haiengan gaur egungo hezkuntza-sisteman bizi dituzten exijentziak, presio akademikoak eta lehiakortasunak, bai eta sare sozialetan ikusten duten guztiak ere. Errealitate horren inguruan subjektiboki bizi dutenak sufrimendu areagotua sortzen du haiengan, frustrazioa kudeatzeko zailtasunek eragindakoa. Eta guzti horri, jakina, gehitu behar dizkiogu gizarteak ezartzen dituen beste baldintzatzaile sozial batzuk, izan daitezkeenak generoa, jatorria eta familiaren egoera sozioekonomikoa.
Irakurri dizuegu 14-18 urte bitartekoetan antsiolitikoen eta hipnosedatzaileen kontsumoa nabarmen handiagoa dela nesketan. Nola eragiten du generoak botiken kontsumoan?
Oso garrantzitsua da psikofarmakoen kontsumoa genero-ikuspegitik aztertzea. Historikoki, emakumeek psikofarmako gehiago kontsumitu dute adin tarte guztietan, gehienbat antsiolitikoak eta antidepresiboak. Ikusten ari garena da generoaren aldagaia erabakigarria dela, eta ez bakarrik kontsumoan, baita ondoezaren sorreran, ondoez hori kudeatzeko moduan, eta osasun sisteman emango dieten arretan ere. Emakumeak askoz errazago eskuratzen dituzte psikofarmakoak, besteak beste osasun-sistemarekin harreman handiagoa dutelako, eta haien erreferente direnek, kasu askotan amek, gehiago hartzen dituztelako. Garrantzitsua da hori, kontsumoa ez ezik, kontsumoa ulertzeko modua ere heredatzen dela.
Hainbat kontu daude: batetik, genero-desberdintasunek eta gizartean errotuta dauden estereotipoek sufrimendu jakin batzuk eragiten dizkiete neska nerabeei. Neska gazteek bizi duten presio estetikoa eta ezartzen zaien exijentzia, akademikoa eta bestelakoa, handiagoa da. Bestetik, baina, neskei errazago baimentzen zaie emozioak azaltzea mutilei baino. Batzuei eta besteei esleitu zaizkien rolak daude honen atzean. Gizartean onartuago dugu emakumeak kaltebera agertzea. Hori, noski, abantaila izan daiteke laguntza eskatzeko orduan. Hala, ikusi dugu errazago jotzen dutela neskek medikuarengana laguntza eske, baina ematen zaien arreta ere ezberdina izaten da askotan. Ikerketa ugarik erakutsi dute neskei errazago errezetatzen dizkietela psikofarmakoak, sintoma eta diagnostiko berdintsua duen mutilei baino, historikoki emakumeen arazoak patologizatu egin direlako. Oso zabaldua dago emakumeek buruko osasun okerragoa duten kontua.
Mutilen artean, bestalde, portaera arriskutsuak izateko joera, drogen kontsumoa... handiagoak dira, jarrera horiek hobeto lotzen direlako rol maskulinoarekin.
Klase sozialak eta familiaren egoera soziekonomikoak ere baldintzatzen dute. Nola?
Gutxiago ikertutako kontua da hori, baina espero genuena ari gara ikusten: gurasoen hezkuntza-maila zenbat eta apalagoa izan, orduan eta handiagoa dela pilulen kontsumoa. Izan ere, baliabide ekonomiko handiagoak dituzten familietan errazagoa da irtenbide farmakologikoak ez diren beste aukera batzuk probatzea.
Esan duzu emakumeok errazago eskuratzen ditugula psikofarmakoak, besteak beste errazago jotzen dugulako medikuarenera. Errazegi errezetatzen al dituzte?
Jakin badakigu eta osasungintzako profesionalek eurek onartzen dute, dituzten baldintzetan, askotan hori dutela aukerarik errazena. Diagnostikoa eta preskripzio medikoa azkarregi datoz askotan. Osasun sistemak berdin artatzen ditu arazo pertsonalak izan daitezkeenak eta inguruak eragindakoak; alegia, egiturazkoak izan daitezkeen arazoak. Ondoez edo arazo askok bestelako lanketa bat eskatzen dute, baina psikofarmakoak errezetatzea errazagoa da, eta azkarragoa ere bai. Bestalde, medikuarenera doanak ere hein handi batean hori nahi izaten du: konponbide azkar bat, dituen betebeharrei erantzun ahal izateko.
Ama-alaben arteko harremana ere aipatu duzu kontsumoaren baldintzatzaileetan.
Bai. Neska gazteen diskurtsoan askotan entzun dugu familian erraztu dietela psikofarmakoetarako sarbidea, askotan amek. Orain ari gara hori kuantitatiboki aztertzen, baina datuek ere gauza bera diote: amek zenbat eta gehiago kontsumitu, orduan eta errazago jotzen dutela alabek psikofarmakoak kontsumitzera. Askotan, familiako arazoei aurre egin ahal izateko kontsumitzen dituzte pilulak amek, eta alabei zaintzaren gaineko ardura transmititzen dieten neurrian bestea ere transmititzen dietela.
Buruko osasun-arazoetan baldintzatzaile sozialek eragin handia dutela esan dugu, baina, aldiz, badago joera bat buruko osasun-arazoak oso pertsonalak egiteko.
Bai. Buruko osasun-arazoen diagnostikoak eta pilulen kontsumoa aztertzen ditugunean jabetzen gara kasu askok lotura zuzena dutela berez indibidualak ez diren arazoekin. Hau da, osasun mentalean eragina duten faktore askok lotura zuzena dutela gizartea antolatzeko moduarekin eta sozializatzeko moduekin: direla hezkuntza-sistemako exijentziak, presio estetikoa, autoestima falta, familiako arazoak... Ikusten duguna da pilulak oso helduleku lagungarria direla gazteentzat, baina ez dituztela modu indibidualean espresatzen diren arazoak konpontzen. Antsietate kasu baten ardura denona izan daiteke eta, beraz, horren egiturazko kausetara jo beharko genuke sendatzeko.
Eta zer egin dezakegu egiturazkoak diren arazo horiekin?
Lehenengo eta behin, garbi izan beharko genuke kontsumo-joera eragile sozialei hain lotuta dagoenez, konponbideak ere ezinbestean izan behar duela kontuan alderdi soziala. Osasun-sistemaren planteamendua aldatu beharko genuke, batetik. Saiatu beharko genuke gaur egungo ikuspegi indibidualizatzaile eta ideologizatu hori alboratu eta kanpoko baldintzatzaileei lekua egiten kontsultan. Izan ere, gazteen biografiak ez dira indibildualak, kolektiboak baizik. Pertsonaren inguruan eta komunitatean eragiteko gai den lehen arreta zerbitzu bat behar dugu, gai izango dena gaixoaren erregistroan haren egoera psikosoziala sartzeko.
Birplanteatu beharko genuke osasun-sistema osoa, baina bestetik, osasun mentalaren inguruko lanketa guztia bizitzako beste esparru batzuekin lotu beharko genuke. Barneratu behar dugu etxebizitzaren auzia, lan-merkatuaren auzia eta gainerako auziek lotura zuzena dutela osasun mentalaren auziarekin, eta beraz, buruko osasunaren auzian Osasun Sailarekin batera beste eragile askok esku hartu behar dutela; baita beste sail askok ere.
ELKARRIZKETA OSOA: BARRENen gaurko zenbakian daukazue irakurgai
