Euskararen Egunaren harira antolatzen den galdera-erantzun estiloko lehiaketa da Egin Ttap, eta aurten hirugarren aldiz antolatu du Kukulaisik, aisialdi elkarteen topaguneak. Azaroaren 20tik 26ra jokatuko da aurtengoa, 7 egun, 7 galdera, 7 minutu formatuan. Galderak askotarikoak izango dira, denak euskaraz. Helburua, azken batean, euskaraz jolasten momentu dibertigarriak bizitzea da.
Haurrek eta helduek taldeka elkarrekin erantzun beharko dituzte galderak. 9-12 urte bitarteko haur-taldeak eratu behar dira (5-6 pertsona, gutxi gorabehera), eta taldearen arduraduna heldu bat izango da.
Zazpi eguneko epea amaitutakoan punturik gehienak lortu dituzten taldeek zuzeneko finala jokatuko dute abenduaren 5ean, Durangoko Azokan.
Izen-ematea azaroaren 7tik 17ra egin beharko da, www.eginttap.eus (Instagramen @eginttap) webgunean. Lehiaketaren inguruko informazio gehiago www.kukulaisi.eus atarian kontsultatu daiteke. Kukulaisi topagunearen barruan 18 euskara elkartetako aisialdi taldeak daude, tartean, Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika.