Donostiako Nazioarteko krosean lehiatu dira Mintxetako atletak

Barren 2025eko azaroaren 5a

Donostiako Nazioarteko 69. Krosa jokatu zuten domekan, Lasarte-Oriako hipodromoan; eta, Mintxeta atletismo taldeko hainbat kide lehiatu ziren World Athleticseko egutegi barruko proban. 

Nazioarteko puntako atletez gainera, euskal atleta onenak lehiatu ziren Donostiako krosean. Ekain Larrea, Martin Segurola, Urko Herran eta Joseba Diaz, batzuk aipatzearren, gizonezkoetan; eta, Miren Martin, Izaro Aranburu eta Ainhoa Sanz izan ziren emakumezkoen proba nagusian lehiatu ziren euskal fondista aipagarrienak.

Mintxeta taldeko hiru ordezkari lehiatu ziren senior gizonezkoen proban: Iñigo Lariz (23:17), Mikel Gurrutxaga (23:20) eta Mikel Aguirrebeña (23:26). Titus Kripotich kenyarrak irabazi zuen lasterketa, 19 minutu eta 23 segundoko denbora eginda 6,9 kilometroko ibilbidean. Emakumezkoetan ere kenyar bat gailendu zen, 21 urteko Celestine Jepkosgei. 23 minutu eta 8 segundoan osatu zuen ibilbidea.  (Irabazleen ailegaerak eitb.eus-en) 

Gazte mailetan ere lehiatu ziren Mintxetako antxitxikariak: Unax Santos (05:43) eta Inés Zabala de la Cruz (06:42) infantiletan; eta, Nahia Mazorriaga (05:09), Ikerne Martín (05:14) eta Nerea Castro (06:09) alebinetan. 

Mikel Barruetabeña, Iñigo Lariz eta Mikel Gurrutxaga, Mintxeta taldeko ordezkariak Donostiako krosean.