Taldearen zuzendaritza osatzen duten kideek agurtzeko baliatuko dute batzarra. Elkarteko bazkideei orain arte egindakoaren eta 2026rako dituzten erronken berri emango diete, baina elkartetik adierazi dute bilera irekia izango dela eta ekarpenak egin nahi dituen edozein herritarrek izango duela parte hartzeko aukera.
- 18:30ean hasiko da batzarra, Lilan (San Frantzisko, 21).
Zuzendaritza berritzeko eskaera
Taldetik ohartarazi dutenez, Zuzendaritza Batzordea berrantolatzea da duten behar handiena. "Urte asko daramatzagu elkarrekin lanean, eta aldaketarako garaia iritsi dela uste dugu. Ideia berriak, ideia desberdinak dituen jendea behar dugu, sare sozialak, web orria, Instagram... erabiltzen dakiena. Gure lana errepikakorra bihurtu da jada, eta uste dugu talde honek gauza asko egiteko eta plataforma hau lan egiteko aprobetxatzeko aukera duela. Egia da kontu burokratikoak nekatu egiten gaituela, baina gero eta errazagoa da hara iristea. Gustatuko litzaiguke hemendik lan egiteko talde bat irtetea. Gu atzean egongo ginateke, jarraitu beharreko estrategia ezberdinen berri emateko", adierazi dute zuzendaritza taldea osatzen duten lagunek kezka handiena eragiten dien erreleboaren beharraz.
Taldeko arduradunek gogora ekarri dutenez, Haizea Emakume Taldea "berdintasunezko gizarte baterantz" aurrera egiteko topagune gisa sortu zuten; eta, dituzten helburuak betetzen jarraitu nahi dute datozen urteetan ere, besteak beste honako helburuak: "ikasten jarraitzea, sareak sortzea, indarkeria matxistarik gabeko bizikidetza sustatzea, emakumeen ahalduntzea, parte-hartzea eta presentzia lantzea, eztabaida, hausnarketa eta aldaketak ikuspegi feministatik sustatzea".
Jakinarazi dutenez, bazkideek eutsi diote elkarteari sorreratik eta 250-300 bazkide artean eduki dituzte. Duela hiru urte ireki zuten Lila etxearen garrantzia ere azpimarratu dute, jarduera ugari antolatu ahal izateko "ezinbestekoa" den lekua baita haientzat.