Miren Amurizak berak irakurriko ditu liburuko pasarte batzuk, Miren Narbaiza Mice musikari eibartarrak lagunduta, eta haien inguruan eta aktualitateko beste zenbait gairen inguruan jarriko ditu kantuan bertsolariak: Uxue Alberdi eta Xabat Galletebeitia. Alaia Martin zen etortzekoa hasiera baten, baina etortzerik izango ez duela-eta, Galletebeitiak ordezkatuko du Martin.
- Elgoibarko Gotzon Garate udal liburutegiak antolatu du bertso- saioa, eta Aita Agirre kulturguneko aretoan izango da, eguaztenean, 19:30ean. Saiorako sarrera doakoa izango da. Ordubete eta hogei minutuko ikuskizuna da.
 
Pleibak
Miren Amuriza idazlearen bigarren nobela da “Pleibak”, eta nerabezaroaren eta gaztaroko pasarte, emozio eta tentsioez hitz egiten du, paisaia rural-poligonero batetik abiatuta. Kontakizunean jasotzen dira: institutuko korridoreen bizipenak, belodromora motorrean igotzeak, lokaleko “maromoak”, eta txosnetako festa-giroa. Galera bat, erantzunik gabeko istripu bat, eta umezaroko itzalpeko loturak; guztiak bilduta daude, hizkuntza ausart eta zintzoan.
                                    