Eskean irtengo dira gaur umeak, urteko iluntzerik beldurgarrienean

Barren 2025ko urr. 31a, 11:21

Domu Santu egunarekin batera hasten dira Euskal Herrian eta beste zenbait lekutan neguko festak, eta badute denek ezaugarri nagusi bat: eskea. 

Gaur ospatuko dugu neguko festa zikloko aurreneko ospakizuna, gure inguruan Arimen Gaua edo Gaba Beltza izenez ezagutzen duguna, eta Halloween festa estatubatuarrak ia-ia itzalera bidali duena, merkataritza-industriak hauspotuta, baina eragile askoren ekimenez berriro indartzen ari dena. Izan ere, askok Estatu Batuetatik ekarritakoa dela uste arren, gaurko ospakizunak Europako kultura tradizionalean ditu erroak, eta kalabazak eta arbiak hustu eta barruan kandelak sartuta errepide bazterretan jartzeko usadio hori Euskal Herrian ere ezaguna zen duela 60 bat urte.

Gure kultura, historia eta tradizioak ezagutzera emateko ahalegin horretan ari dira Elgoibarren eta Mendaron zenbait eragile, bi udalen laguntzarekin, eta osatu dute elkarlanean egitarau oso bat gaurko. Elgoibarren, bereziki, merkataritza-industriaren eraginez zabaldutako mozorroak baztertu eta etxeko trapuekin mozorrotzeko deia egin dute, Euskal Herrian egin ohi zen moduan, eta ereduak ere zabaldu dituzte ikastetxeen bidez eta bestelako bideak erabilita. Era berean, eskea ere euskaraz izan dadin lanketa berezia egin dute herriko merkatariekin. Azkenik, herrialde ezberdinetan gaurko egunez egiten dituzten ospakizunen berri ere zabaldu dute, kulturaniztasunari balioa emateko.

URRIAK 31, BARIKUA

Elgoibar

  • 17:00 Atontze tailerra: Kalegoen plazan aurpegia margotzeko aukera egongo da.
  • 17:00 - 18:00 Txankakuaren dendetan goxoki-eskea. Adin txikikoak tabernetan bakarrik ez sartzeko eskatu dute antolatzaileek.
  • 18:30 Musika Eskolako Korunahia eta Gaztenahia taldeen kantaldia eta dantza eskolako ikasleen dantzaldia. Kalegoen plazan.
  • Segidan, ibilaldi beltza, Kalegoen plazatik Maalaraino. Ibilbidean batuka eta danbor hotsak izango dira Atabal taldekoen eskutik.
  • Bukatzeko, txokolate jana Maalan.

Argaki lehiaketa
Argazki lehiaketa ere antolatu dute eragileek. Urriaren 31tik azaroaren 5era bitartean ludotekaelgoibar@gmail.com helbidera bidali behar dira argazkiak, eta hilaren 7tik 9ra Kultur Kafean jarriko dituzte, herritarrek botoa emateko. 20 euroko hiru erosketa bono banatuko dituzte.

Mendaro

  • 17:00 Gailetak eta eskulanak egiteko tailerra, maskarak margotzeko tailerra eta tatuajeak egiteko mahaia, frontoian.
  • 18:00 Ginkana, herrian zehar.
  • 22:00 Psycho clown kalejira.