Euskal Mendizale Federazioaren ordezkarietako bat izan da Iratxe Osoro, Mendiko Elkarteen Nazioarteko Batasunaren urteroko batzar nagusian, Kosovon

Barren 2025ko urr. 29a, 16:09

70 herrialdetako mendiko eta eskaladako 90 federazio baino gehiago biltzen ditu Mendiko Elkarteen Nazioarteko Batasunak (UIAA). Horietako ordezkariak Kosovoko Peja hirian elkartu ziren joan zen asteburuan, urteroko batzar nagusia egiteko. 

Euskal Mendizale Federazioa 2002. urtetik da UIAAko kide ofiziala, eta Euskal Herriko mendizaleen kolektibo osoa ordezkatzen du nazioartean. EMFren eta EHko Mendi Biltzarraren ordezkari gisa bi lagun joan ziren Kosovora, eta Iratxe Osoro elgoibartarra izan zen horietako bat. Bestea Zigor Egia izan zen. Ordezkariok hainbat gairen lanketan parte hartu dute, hala nola kontuen onarpenean. Era berean, kide berri gisa onartu dituzte hainbat herrialde, eta kontinenteetako ordezkariak ere hautatu zituzten.

Mendizaletasunari errotutako herriaren hitza Kosovora eramatea, Euskal Herritik mundura eramatea, alegia, "ohore bat" izan dela azaldu du Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarreko zuzendaritzako kidea den Osorok. Alex Txikonen Mundu bat motxilan liburuan irakurritako esaldi bat ekarri dio gogora EMF ordezkatzeko aukera honek, honakoa: "Lur honetan, denak dauka iragan eta etorkizun bat, baina batez ere, orain bat, erantzukizun bat". Txikonen esaldia gogoan, Euskal Herriko mendizaleak munduan ordezkatzea izan dela euren ardura azaldu du Osorok.

90 federazioa batzen dituen erakundea

Mendiko eta eskaladako federazio nazionalak biltzen dituen mundu mailako erakundea da UIAA, eta honen helburu nagusia nazioarteko eskalada eta mendizale federazioak batu eta horien jarduerak sustatu, koordinatu eta arautzea da. 1932.urtean sortu zuten, Chamonix-en (Frantzian), eta gaur egun 70 herrialdetako 90 federazio baino gehiago biltzen ditu. Mendiko eta eskaladako arloan, UIAAk hainbat funtzioak betetzen ditu, besteak beste, honako hauek:

  • Segurtasun-arauak: Mendi eta eskaladako ekipamenduen neurri teknikoak ezartzen ditu (sokak, mosketoiak, kaskoak, arnesak, eta abar). Mundu osoan onartzen diren neurriak.
  • Etika eta kirola: Alpinismo, eskalada eta ibilbidearen praktikaren oinarri etikoak sustatzen ditu.
  • Kontserbazioa: mendien eta ingurumenaren babesa sustatzen du.
  • Lehiaketak: izotz-eskalada eta beste modalitate batzuetako munduko txapelketak antolatu eta arautzen ditu.
  • Prestakuntza: Kirol jarduerak praktikatzen dituzten pertsonen eta mendi giden trebakuntzarako jarraibideak garatzen ditu.