Elgoibarko plazaren maketari buruzko xehetasunak egileen eskutik ezagutzeko aukera izango da asteazkenean

Barren 2025ko urr. 28a, 12:00

Ekainetik udaletxeko pleno aretoan dago ikusgai Elgojaiotza elkarteak 1998an egin zuen Elgoibarko plazaren maketa. Lan honen inguruko xehetasunak ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute eguaztenerako (urriak 29).

Elgojaiotza Elkarteko kideek egindako maketa herritarrei aurkezteko ekitaldia dela azaldu dute Udaletik, egin duten lana balioan jartzeko; eta, herriko ondarea eta historia herritarrengana hurbiltzeko. Elgojaiotza elkarteko kideek eurek emango dituzte azalpen guztiak eta bertaratzen direnek egiten dizkieten galderak ere erantzungo dituzte.

  • 19:30ean hasiko da saioa

Elgojaiotzakoek Elgoibarren 650. urteurrenerako sortu zuen Kalegoen plazaren maketa. 1998an ospatu zuten urteurren hori eta urte hartako jaiotza mekanikoa berezia izan zen, plazaren maketa gaineratzea erabaki baitzuten Elgojaiotzakoek urteurrenaren harira.

Gero, Altzolatarren Dorretxeko azken solairura eraman zuten maketa eta han egon zen gordeta, eta ezkutuan ere bai nolabait. Gordeta baina bizirik, handitzen jarraitu baitzuen maketak. Makina bat lan ordu sartu zituzten maketan Elgojaiotzako kideek, Manuel Condek beeziki, eta Errosario eta San Bartolome kaleak gaineratu zizkioten, eta baita Kalegoen plazako frontoia ere.

Maketa udaletxera eramaterakoan, baina, ezin izan zuten maketa bere osoan eraman, espazio kontuegatik: 6 x 3,5 metro neurtzen ditu berez maketak eta 4,5 x 2,5 metro dauzka pleno aretoan dagoen zatiak. Maketa osatzen duten eraikin guztiak eskalan eginak daude, San Bartolome eliza izan ezik; izan ere, maketa proportzio berari eutsita egin izan balute, hiru metroko altuera izango luke maketan.