Haundi garaile Anaitasunaren aurkako derbian

Barren 2025ko urr. 28a, 10:59

Haundikoak Anaitasunaren aurkako garaipena ospatzen aldagelan. Arg: C.D. Elgoibar.

Gizonezkoen Haundi taldeak eta Azkoitiko Anaitasunak auzokoen arteko derbia jokatu zuten domekan, Mintxetan.

Borja Rotxa entrenatzaile azkoitiarrak zuzentzen duen C.D. Elgoibarren taldeak denboraldiko garaipen argiena eskuratu zuen, markagailuari dagokionez; 3-1 irabazita. Igartuak, Macazagak eta Guillok sartu zituzten Haundiren golak eta Garmendiak egin zuen Anaitasunaren gol bakarra, partidaren luzapenean. Garaipen honi esker, sailkapen nagusiko laugarren postura egin du gora Haundik. Zazpi jardunalditan 13 puntu batu dituzte (lau garaipen, berdinketa bat eta bi porrot). Hurrengo jardunaldian Orioko taldea izango du aurkari Haundik. Mendibeltz futbol zelaian jokatuko dute partida, azaroaren 1ean, 17:00etan.

Porrota, liderarren etxean

Emakumezkoen Haundi taldeak erronka zaila zuen, Ohorezko Erregional Mailako lehen sailkatuaren aurka jokatu baitzuten, Oiartzunen aurka, Ugaldetxo futbol zelaian. Oiartzuarrek 1-0 irabazi zuten partida eta lidergoari eutsi diote. Sei jardunalditan bost partida irabazi eta bakarra galdu dute. Haundik hiru garaipen eta beste horrenbeste porrot eskuratu ditu orain arte. Hamargarren postuan daude, 9 punturekin. Hurrengo jardunaldian ere etxetik kanpo lehiatu beharko du Haundik, Oñatin Debagoiena taldearen aurka. Azaroaren 2an izango da partida, 19:00etan.

Gizonezkoen senior mailako bigarren taldeak ere etxetik kanpo jokatuko du bere partida, Usurbilgo Harane futbol zelaian, azaroaren 1ean (15:30).

C.D. Elgoibar klubeko taldeen asteburuko emaitzak:

  • Haundi giz. 3 - Anaitasuna 1
  • Oiartzun 1- Haundi emak. 0
  • Regionala 1 - Ikasberri 2
  • Mondragon 1 - Ohorezko Jubenilak 0
  • Zarautz 4 - Jubenil B 6
  • Eibar 3 - Ohorezko Kadete mut. 2
  • Ohorezko kadeteak nesk. 1 - Eibar 3
  • Kadete B 1 - Mondragon 6
  • Kadete C 6 - Soraluze 0
  • Uda 3 - Infantil Haundi 0
  • Aretxabaleta 1 - Infantil A 6
  • Infantil Txiki 3 - Lagun Onak 3
  • Infantil F11 nesk. 0 Amaikak Bat 0