Alcorta Forging Groupek Andoaingo Leizaran EKK taldearen aurka jokatu zuen domekan, Olaizaga kiroldegian, eta garaipen argia eskuratu zuen etxeko taldeak, 33 eta 21eko emaitzarekin irabazita. Jon Arambarri (7 gol) izan zen Alcortako golegile nagusia eta Javier Oregik, Asier Antxustegik eta Ibai Galarzak ere egin zuten ekarpena erasoko jokoan, bakoitzak lau gol sartuta. Leizaranek Liher Agudoren besoan oinarritu zuen erasoko jokoa, hamar gol sartu baitzituen, taldekide guztiek bezainbeste ia. Lau jatdunaldiren ostean, hirugarren postuan sailkatuta dago Alcorta, 5 punturekin. Hurrengo jardunaldian, asteburuan, Saieko Grupo Seyprel taldearen aurka jokatuko dute, Donostian.
Alcortak moduan, Malape taldeak ere aurkari andoiandarra eduki zuen aurreko asteburuan. Senior emakumeen taldeak Leizaran Lanbroa taldearen aurka jokatu zuen Allurralde kiroldegian, eta garaipenarekin itzuli ziren etxera. Lehen zatiaren amaierara lau goleko errentarekin ailegatu eta gero (17-21), bigarren zatian markagailuko aldea handitzea lortu zuten, eta 27-33 izan zen azken emaitza. Nora Urtasunek sartu zituen bederatzi golak nabarmendu behar dira. Malape sailkapeneko hirugarren postuan dago orain, Zuhegan Orio eta Ereintza Bitek taldeekin berdinduta. Seina puntu dituzte sailkapeneko lehen hiru postuetan dauden taldeek. Euskal Ligako laugarren jardunaldia azaroaren 8 eta 9ko asteburuan jokatuko dute. Sanlokoek Dreyky DJ San Adrian taldearen aurka jokatuko dute Elgoibarren.
Gipuzkoako txapelketan lehiatzen ari den Pizzeria Salento taldeak ere irabazi egin zuen CB Urola ET taldearen aurkako neurketa, 20-42ko emaitzarekin.

