'Esne-berriketan' liburua argitaratu du Uxue Alberdik

Barren 2025ko urr. 27a, 13:29

Azaroaren 18an du aurkeztekoa Uxue Alberdik Esne-berriketan bere azken lana, baina dagoeneko liburu-dendetan dago salgai. 

57 kontalarik ahoz kontatu eta berak belarriz jasotako 77 istorio jaso ditu liburuan, euskara batuan eta ahozkotik "ahalik eta gertuen" dauden idazkeran. Ariketa bera egin zuen orain hurrengo argitaratu zuen Belarriko kilkerra libururako, eta orduan egindakoa oso baliagarria izan zaiola aitortu du duela bi urte hasitako proiektu honetarako.

Kontakizun guztiak emakumeenak dira, "edo andrazko moduan irakurritakoenak behintzat", eta istorioen artean denetarikoak daude, gogorrak eta samurrak. Lanari, dibertsioari, laguntasunari, eskuzabaltasunari... lotutakoak dira batzuk eta badaude emakumezkoen psikiatrikoetako istorio gogorrak ere tartean, zaintzari lotutakoak.
XX. mendean kokatu ditu istoriko guztiak idazleak, eta dio balio dutela gure genealogia erakusteko, nondik gatozen azaltzeko.

Esne-berriketan izenburua, berriz, Lucia Etxeberria elgoibartarrari hartutakoa dela esan du Alberdik. Etxeberriak Elgoibarko Urruzuno ipuin-lehiaketa irabazi zuen duela urte dezente izenburu hori zuen ipuin batekin eta izenburuaz hark Laiotz aldizkarian emandako azalpena gustatuta aukeratu du Alberdik libururako espresio hori. "Luciari ikasi nion zer esan nahi zuen esne-berriketan espresioak. Berak zioen garrantzi handirik gabeko jardunari deitu izan zitzaiola bere inguruan esne-berriketan, normalean emakumeen jardunari, eta errekuperatu dut espresioa eta jarri diot arreta esne-berriketa horri, ustez esateko ezer inportanterik ez dutenen berriketa horri".

Bertso-saio literarioak

Liburuaren izen bereko bertso-saio literarioak egiten ere badihardu Alberdik han-hemen, eta datorren urteko martxoaren 6an Elgoibarren izango dela aurreratu du. Saio bakoitzean aukeratutako istorio batzuk irakurtzen ditu Alberdik, Amorantek musikatuta, eta haietan oinarritutako gaiak jartzen dizkie bertsolariei haiek bat-batean kantuan egin dezaten.