'Ai eneeee' antzerkia antzeztuko du gaur Jubi taldeak Aita Agirre kulturgunean

Barren 2025ko urr. 23a, 12:33

Jubi antzerki taldeak Ai eneeee obra eskainiko du gaur Aita Agirre kulturguneko sarreran. 19:30ean hasiko da emanaldia. 

Adinekoen hilabetea ospatzen ari da Elgoibarko Jubilatuen Biltokia, eta hilabetean zehar hainbat ekintza burutu dituzte. Gaur arratsaldean antzerkia izango dute. Jubilatuen Biltokiko Jubi antzerki taldeak Ai eneeee obra antzeztuko du Aita Agirreko kulturgunearen sarreran. Taupada taldeko Edurne Lasa izango da zuzendaria, eta Joxemari Larrañagak egingo ditu teknikari lanak. 

Osasun zentro bateko itxarote-gelan gertatzen dena kontatzen du Ai eneee obrak. Zortzi emakume daude itxarote-gela horretan, bakoitza bere gaitz eta ezinegonekin, medikuaren kontsultan sartzeko zain, eta itxaroaldi horretan ezusteko egoera bitxiak bizitzea tokatuko zaie. 

Hainbat urteren ondoren erreleboa egon zen Jubilatuen Biltokiko zuzendaritzan 2023an, eta talde berriak aire berria ekarri  zion biltokiari.  Taupada antzerki taldeko Edurne Lasak egin zien antzerki tailerra martxan jartzeko proposamena, eta begi onez ikusi zuen zuzendaritza taldeak. Horrela hasi ziren lanean, eta dagoeneko hiru bat antzezlan landu dituzte. 

BIHAR, 80 URTETIK GORAKOEN BAZKARIA

Adinekoen hilabetearen barruan, urtero egin ohi duten 80 urtetik gorakoen bazkaria izango dute bihar Jubilatuen Biltokian, eta bazkari hori baliatuko dute aurten urrezko ezteiak betetzen dituzten bikoteei omenaldia egiteko. 

Zapatuan, bestalde, sorpresa izango dute, eta datorren asterako bi ekitaldi dituzte programatuta. Asteartean Raquel Molinak bakarrizketa egingo du biltokian bertan 19:30etik aurrera, eta eguaztenean Txillidalekura eta Kimika Fakultatera egingo dute irteera.