Proiektuen %82,5 martxan direla esan du Elgoibarko Udalak legealdi erdiaren balantzea egitean

Barren 2025ko urr. 22a, 16:10

Legealdi erdia bete den honetan, Elgoibarko Udalak balantzea egin du, eta emandako datuen arabera, proiektuen %82,5 amaituta edo martxan daude. Hamar proiektu garatze fasean daudela zehaztu dute, eta sei martxan jartzeko. 

Legealdi erdia bete da dagoeneko, eta uda aurretik udal langileekin egindako hausnarketan oinarrituta, Elgoibarko Udalak orain artekoaren balantzea egin du.   91 proiektu garatzeko konpromisoa hartu zuen Udalak legealdi hasieran, eta Maialen Gurrutxaga alkateak eta Ion Zubiaurre Hirigintza Zinegotziak emandako datuen arabera, 75 proiektu dagoeneko amaituta edo martxan daude, hau da, proiektuen %82,5a. Beste hamar proiektu tramite egoeran daudela zehaztu dute eta sei geratzen zaizkiela hasteko. "Udalaren helburua da legealdia amaitzerako legealdi planean jaso zituzten proiektu guztiak amaituta edo martxan egotea". 


Proiektu esanguratsuenak

Proiektu esanguratsuenen artean ondorengoak nabarmendu dituzte: Artekaleko igogailu amaituta dago, Urazandi zubiaren lehenengo bi faseak ere bai, eta Errezabal Egoitzaren lanak hasita. Urazandiko zubiaren hirugarren fasea Errezabal Egoitzarekin lotzea izango da, eta hori egoitzaren obraren arabera egingo dutela azaldu dute. Ondo bidean, 2027ko uztailerako amaituko dituzte lanak. Kirol instalazioetan Mintxetako zelai txikia, Olaizagako teilatua eta Herri Eskolako kantxa aipatu dituzte. Batera Elgoibarren eta Ekiola proiektuak garatz eprozesuan daude, eta anbulatorio zaharra dagoen gunean etxebizitzak egiteko hitzarmena lantzen ari dira Jaurlaritzarekin. 


Sallobenteko baserriak ur hornidura sare publikora batzeko proiektuari dagokionez, proiektua idazten ari direla, eta lanak egin ahal izateko finantzazio bila dihardutela esan dute. Hasiera batean lan horiek 2025ean hasiko zituztela adierazi zuten, eta 400.000 euro gorde zituzten aurtengo aurrekontuetan, baina Udalak berak bakarrik ezin diola horrelako inbertsio bati aurre egin adierazi dute. Sallobenten 83 baserri daude, eta proiektuak sei milioi euroko kostua daukala azaldu dute. 


Datozen hilabeteetan hainbat proiektu abiatuko dituzte: batetik, alde zaharra erabirretzeko proiektua idazteari ekingo diote, eta bestetik, Sallobenterako errepidean oinezkoentzako bidea seinalizatuko dute. Danobatekin elkarlanean, bestalde, beste hiru proiektu dituzte epe motzean: DMP enpresa eraitsi eta aparkalekuak egingo dituzte eta Zurrunbilo proiektuaren ekintza plana garatuko dute. Horrez gain, muskulazio-gela handitu eta herrigunean takillak jartzeko lokal bat egokituko dute, merkatari eta herritarren arteko harremana errazteko. Horren harira esan dute, erakunde eta enpresekin izandako elkarlanak 30 milioitik gorako inbertsioa ekarri duela Elgoibarrera, eta gaineratu dute euren kudeaketa "elkarlanean" oinarrituko dela aurrerantzean ere  "herri hobe bat eraikitzeko". Elkarlanaz gain, herritarrenganako gertutasunari ere garrantzia eman diote. Esan dutenez, urte hasieratik ehun bilera baino gehiago egin dituzte herritar, elkarte eta erakundeekin, Elgoibar eta elgoibartarrak erdigunean jartzea delako helburua. 

Aurkezpen bilerak datorren astean

Balantze hau herritarrekin konpartitzeko bi bilera egingo dituzte datorren astean: urriaren 27an Jubilatuen Biltokian, eta 29an, Aita Agirreko areto nagusian. Bi bilerak 18:00etan hasiko dira.