Garaipenaren bidera itzuli dira C.D. Elgoibarreko bi talde nagusiak

Barren 2025ko urr. 21a, 17:24

2025-2026 denboraldirako emakumezkoen Haundi taldea. Arg: CD Elgoibar.

Bi partida jarraian galdu ostean, garaipenaren bide gozora itzuli dira Haundi taldeak, emakumezkoena zein gizonezkoena. 

Emakumezkoen Haundi taldeak azken sailkatuaren aurka jokatu zuen Mintxetan, Aiztondo taldearen aurka, eta 2-0 gailendu ziren zuri-gorriak. Aiztondo bailarako (Aduna, Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul, eta Zizurkil) emakume kirolariak biltzen dituen kluba da Aiztondo. Garaipen honi esker, Haundi Ohorezko Erregionmal Mailako seigarren postuan dago sailkatuta, bost jardunalditan 9 puntu batuta. Hurrengo jardunaldian sailkapen buruan dagoen Oiartzun B taldeari egingo diote bisita. Oiartzuarrek lau partida irabazi eta bestea berdindu dute orain arte.  Zapatuan jokatuko dute elkarren aurka, 15:45ean.

Garaipena, Deban

Gizonezkoen Haundi taldeak ere lortu du joera txarra iraultzea: bi porroten ostean, Errotazarren itzuli ziren garaipenaren bidera; Amaikak Bat taldearen aurkako derbia 0-1 irabazita. Sei jardunaldiren ostean, zortzigarren postuan dago Haundi, 10 punturekin. Domekan Mintxetan jokatuko dute ligako zazpigarren jardunaldiari dagokion neurketa. Azkoitiko Anaitasuna taldea izango dute aurkari, sailkapenean elgoibartarrek baino puntu bat gehiago duen taldea. 12:00etan hasiko da elgoibartarren eta azkoitiarren arteko auzokoen arteko norgehiagoka. 

Gizonezkoen bigarren taldeak ere etxean jokatuko du bere partida, zapatuan, 16:30ean, Ikasberri taldearen aurka.